Ekonomia -
EAE-ko 2023rako aurrekontuak
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordiorako borondatea agertu dute, baina bileran eskaerak egingo dituzte
Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak bilera sorta egingo du bihar, asteazkenarekin, EH Bildu, EP-IU eta PP+Cs taldeekin. EH Bilduk aurrekontuak kritikatu ditu, "kontinuistak eta kontserbadoreak" direlako. Bestalde, Hezkuntza Ituna "betetzea" galdegingo du Elkarrekin Podemos-IUk.
EITB MEDIA
EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak kritikatu ditu, "kontinuistak eta kontserbadoreak" direlako, eta ez dutelako balio "ziurgabetasunei eta erronkei aurre egiteko".
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak joan den astean iragarri zuen negoziatzeko prest agertu diren taldeekin lehen bilera egingo zuela hilaren 9an. 09:30ean EH Bilduko ordezkariak hartuko ditu, 11:00etan, Elkarrekin Podemos-IUkoak, eta 12:30ean, PP+Cs koaliziokoak.
Koalizioak aurrekontuek "gaur egun ukaezinak diren arazoei erantzuteko balio dezaten" eskatuko du, hala nola, zerbitzu publikoen narriadura, etxebizitzen prezioa, emantzipazioa, krisi energetikoa, lehen sektorearen egoera larria eta enpresa estrategikoetan erabakitzeko ahalmenaren galerari. Gainera, fiskalitateari buruzko proposamena aurkeztuko dute, "neurriak finantzatu ahal izateko eta hamarkadako erronka handiei aurre egiteko".
Bilera-sortan negoziatzeko duen borondatea azpimarratu du EH Bilduk, baina proposamen "arrazoituak eta arrazoizkoak" eta "gutxieneko akordioetara iristeko pentsatuak" aurkeztuko ditu.
Koalizioak "balantze gazi-gozoa" egin du aurtengo kontuei buruz lortutako ituna betetze mailaren inguruan. Gasteizen emandako prentsaurreko batean, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajerana legebiltzarkideek onartu dute orduan adostutako neurri ekonomikoak "oro har" bete direla, ez dela gauza bera gertatu gutxieneko soldata hobetzera eta alokairuaren prezioak mugatzera bideratutako "konpromiso politikoekin".
Eusko Jaurlaritza elkarrizketarako prest dagoela zalantzan jarri dute; izan ere, aurtengo aurrekontu-itunean jasota dagoen bezala, 2023ko kontuak onartu aurretik bilera bat egitea eskatu dute, baina ez dute lortu.
Era berean, datorren urterako aurrekontu proiektuaren inguruan Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortzeko "borondatea" duela argitu du gaur Elkarrekin Podemos-IUk. Miren Gorrotxategi koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak prentsaurreko batean iragarri duenez, eskakizunen agiria eramango dute Pedro Azpiazuk oposizioko hiru talderekin biharko deitu duen bilerara.
Batzar horren aurrean, Gorrotxategik iragarri du David Soto, Jon Hernandez eta hirurak joango direla, eta gaineratu du gai jakinen inguruan dituzten eskakizunak helaraziko dizkiotela Jaurlaritzari. Besteak beste, agiri batean bildu dituzte osasuna, etxebizitza, krisi energetikoa edota hezkuntza arlokoak.
Azken horren harira, honakoa esan du Gorrotxategik: "Hezkuntza ituna betetzea eskatzen dugu, eta betetzen den heinean, gure jarrera moldatuko dugu hainbat momentu politikotan (hezkuntza) legea edo aurrekontuak onartzeko orduan. Ituna bete behar da, eta horretarako, itunean bertan jasota dagoenez, bermatu egin behar da hezkuntzak eskaintza publiko nahikoa izatea leku guztietan".
Jaurlaritzak 14.250,7 milioi euroko aurrekontu proiektua prestatu du, aurten baino 1.142 milioi gehiagokoa, % 8,7 gehiago. Azpiazuk gogorarazi zuenez, EAJ-PSE-EE koalizio gobernuak gehiengoa du Legebiltzarrean kontuak aurrera ateratzeko, baina aurrekontuak adostasun handiagoarekin ateratzeko akordiorako gonbita berretsi zien taldeei.