Ekonomia -

Forbes

EAEko bost pertsona aberatsenek 5.900 milioi euroko dirutza dute

Diru horren erdia baino gehiago Suitzan bizi den Daniel Mate donostiarrarena da, Suitzako Glencore meatze multinazionaleko akzioduna.

Daniel Mate donostiarra. Argazkia: EITB Media.
Daniel Mate donostiarra
Daniel Mate donostiarra. Argazkia: EITB Media.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bost pertsona aberatsenek 5.900 milioi euroko dirutza metatzen dute, baina diru horren erdia baino gehiago (3.100 milioi) Suitzan bizi den Daniel Mate donostiarrarena da, Suitzako Glencore meatze multinazionaleko akzioduna.

Gaur argitaratutako Forbes zerrendaren arabera, Materen dirutza murriztu egin zen bi urtez burtsan izandako beherakadaren ondorioz, baina, 2022an, Glencoreren kotizazioa berreskuratu egin da, eta lehen aldiz gainditu du burtsan 2011n egindako debutaren prezioa.

Horri esker, Materen aberastasuna 900 milioi handitu da azken urtean, 3.100 milioira iritsi arte. Horrela, Forbes España zerrendako hamargarren postutik seigarrenera igaro da 2021ean.

Euskadiko bigarren aberatsena Jose Maria Aristrain da, ArcelorMittalen akziodun "esanguratsua" eta Tubacexen akziodun "nabarmena", 1.100 milioiko dirutzarekin, iaz baino 150 milioi gehiago. Bere aberastasuna Aceraliatik dator, Aristrainen enpresa familiarra xurgatu baitzuen eta berak akzioen % 11 atxiki zuen. Ondoren, ArcelorMittalen sartu zen.

Forbes zerrendako hirugarren euskalduna Juan Luis Arregui da, Mallabiakoa (Bizkaia), 36. postuan agertzen dena estatu mailan 750 milioiko aberastasunarekin, iaz baino 100 gehiago.

Energia eta Celulosa Ence konpainiako presidente eta akziodun nagusia da Arregui, eta Iberdrolako akzioduna ere bada, tituluen % 0,57 baitauka. Enceren kotizazioak balioaren erdia baino gehiago galdu zuen 2018 eta 2021 artean, baina 2022an berreskuratu da, % 35eko igoerarekin.

Victor de Urrutiak, Madrilen jaioa baina euskal jatorrikoak, Euskadiko laugarren aberastasunik handiena du: 650 milioi euro, eta kopuru hori ez da aldatu azken urtean.

Asua Inversiones enpresaren bitartez "inbertitzaile garrantzitsua" izateaz gain, Compañía Vinícola del Norte (CVNE) Errioxako upategiko eta Rentabilidad 2009 Sicav enpresako akziodun nagusia da.

Estatu mailan 98. postuan eta Euskadiko bosgarren aberastasun handienean Carmen Ybarra agertzen da 300 milioi eurorekin, iazko Forbes zerrendan baino 25 milioi gutxiagorekin. Onchena holdingaren jabea da, eta, besteak beste, Vocento, Atrys, Ecoener, Reig eta Solarpack enpresetan parte hartzen du. Familiari esleitzen zaion zatia gehituz gero, dirutza 600 milioikoa da guztira, baina zati bat Adey Fundazioari dagokio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak