Ekonomia -

LANGABEZIA

Urrian 64 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn, eta 87 gehiago, Nafarroan

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan iazko urrian baino 6.685 langabe gutxiago daude; Nafarroan, 853 gutxiago. Gizarte Segurantzak inoizko afiliatu gehien ditu bai EAEn, baita Nafarroan ere.

Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat
Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailean baino 64 langabe gehiago (% 0,06) zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan urrian, eta guztira 111.744 langabe daude Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda.

Iazko urriko datuarekin alderatuta, 6.685 langabe gutxiago daude EAEn, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak gaur zabaldutako datuen arabera.

Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur jakinarazi duenez, Nafarroan aurreko hilabetean baino 87 langabe gehiago daude (% 0,28), eta guztira 31.275 pertsona daude lanik gabe, iazko hilabete berean baino 853 (% 2,66) gutxiago.

Espainiako Estatuan, guztira, 27.027 langabe gutxiago daude, abuztuan baino % 0,9 gutxiago. Hilabete honetan inoiz izandako beherakadarik handiena da, batez ere, zerbitzu eta nekazaritza sektoreek bultzatuta. 

Kontratazioa

Kontratazioari dagokionez, azken hilabeteetako joerari eutsi zaio EAEn, eta kontratazio mugagabea nabarmendu da, sinatutako kontratu guztien % 30,4 izan baitira. Orotara, 73.419 kontratu berri sinatu dira, horietatik 22.322, mugagabeak. 2021. urtearen amaieran, oraindik lan erreforma indarrean ez zegoenean, kontratuen % 9,3 ziren mugagabeak.

Nafarroan, 28.573 kontratu berri sinatu dira, horietatik 7.495, mugagabeak.

Gizarte Segurantzako afiliazioak marka berria ezarri du

Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua % 1,41 (13.801 afiliatu) hazi da urrian Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako datuen arabera. Guztira, 989.690 pertsonak kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, inoizko daturik onena. Iazko urriarekin alderatuta, 15.967 gehiago (% 1,64) dira.

Nafarroan ere, inoiz baino pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda: 302.192. Azken hilabetean, 1.993 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak (% 0,66).

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak nabarmendu duenez, ekonomiari eragiten dioten mehatxuek ez dute oraingoz islarik izan enpleguaren bilakaeran. Horren esanetan, Euskadiko ehun produktibo "sendoak" ez du enplegua suntsitzen, eta gainera, sortu egiten du, "Gizarte Segurantzaren afiliazioan inoiz ikusi ez diren zifrekin".

Gurpeguik azpimarratu duenez, kontratu berrien % 30,4 mugagabeak izan dira, "datu garrantzitsua, egonkortasunari eta, beraz, enpleguaren kalitateari zuzenean eragiten diona".

Gizarte Segurantzako afiliazio datuak urrian gora egin ohi du, eta aurten ere, horrela gertatu da. "Garrantzitsuena da Euskadin afiliazio gehien duen urria ez ezik, maximo historikoa ere ezarri dela berriro, eta historian inoiz ez dela hainbeste euskaldun egon lanean, kotizatzen eta eskubideekin", gehitu du.

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariaren iritziz, urriko datuak "positiboak" dira; izan ere, langabeziak apur bat gora egin duen arren, afiliazioa maximo historikora iritsi da. "Ziurgabetasun eta ezegonkortasun handiko une batean gaude oraindik, baina, oraingoz, enpleguak modu egonkorrean hazten jarraitzen du", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE Lana albisteak Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa