Ekonomia -
2023ko aurrekontuak
Azpiazuk erronda abiatuko du azaroaren 9an aurrekontuetarako babes handiagoaren bila
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak agerraldia egin du asteazken honetan Legebiltzarrean, 2023rako Euskadiko Aurrekontu Orokorren lege proiektuaren xehetasunak jakinarazteko. 14.250,7 milioi euro izango ditu, aurten baino 1.142 milioi gehiago.
EITB MEDIA
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak berretsi du prest dagoela datorren ekitaldiko kontuen babesa handitzeko. Ildo horretan, aurreratu du azaroaren 9an negoziatzeko prest agertu diren taldeekin lehen bilera bat egitea espero duela. "Elkarrekin lasai lan egiteko denbora dugu, zalapartarik gabe", berretsi du.
Azpiazuk agerraldia egin du asteazken honetan Legebiltzarrean, 2023rako Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuaren xehetasunak jakinarazteko. 14.250,7 milioi euro izango ditu, aurten baino 1.142 milioi gehiago, % 8,7 gehiago.
Sailburuak gogorarazi du EAJ-PSE-EE koalizio gobernuak gehiengoa duela Legebiltzarrean kontuak aurrera ateratzeko, baina aurrekontuak adostasun handiagoarekin ateratzeko akordiorako gonbita berretsi die taldeei.
"Ezagutzen dute akordioetarako dugun prestutasuna eta aurrekontuen negoziazio prozesua gurekin batera gertutik bizi ahal izan dute. Badakite zintzotasunetik abiatzen direla kontuak", esan die Azpiazuk talde parlamentarioetako ordezkariei. Halaber, adierazi du lehendakariak berak interesa agertu duela aurkeztutako aurrekontua egituratzen duten politika publikoak indartuko dituzten adostasun berriak lortzeko.
Azpiazuk gaineratu du hiruhileko hau "funtsezkoa" dela alderdi ekonomiko finantzario askotan, "ezinbestekoak baitira Euskadin egonkortasuna eta ziurtasun ekonomikoa bermatzeko".