Ekonomia -

Hitzartuz programa

Jaurlaritzak bonu termikorako, leihoak berritzeko eta inflazioaren aurkako dirulaguntza berriak iragarri ditu

Hitzartuz programaren barnean dauden neurriak dira; Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurkeztu ditu, asteartean. Guztira, 2023rako, 313,3 milioi euro aurreikusten ditu programa horrek.

Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jaurlaritzak Hitzartuz programari onespena eman dio

2:18

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2023rako dirulaguntza berriak iragarri ditu asteartean, herritarrentzat, bonu termikorako (9,4 milioi euro), leihoak berritzeko plan baterako (2,5 milioi), eta inflazioaren eragina arintzeko (pertsona zaurgarrienek erosteko ahalmenean izandako galera konpentsatzeko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak % 10 handitu dituzte, guztira, 10 milioi, eta beste 2,5 milioi inflazioak elikaduran izandako eragina aurre egiteko baliatuko dituzte). Hitzartuz programaren barnean dauden neurriak dira horiek; Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurkeztu ditu, asteartean. Guztira, 2023rako, 313,3 milioi euro aurreikusten ditu programa horrek.

Testuinguru honetan, energia eraginkortasunaren gaineko dirulaguntzei dagokienez, fakturako igoera konpentsatu eta familien energia aurrezteari laguntzeko, bonu termikorako dirulaguntzek 2022ko kopuruari eutsiko diote; alegia, 9,4 milioikoak izango dira. Leihoak berritzeko 2,5 milioiak, aldiz, ez zeuden aurreikusita aurreko urtean.

Inflazioak herritarren elikaduran izandako eraginari aurre egiteko dirulaguntzak 2,5 milioikoak izango dira aurten (2022an ez zegoen kopururik aurreikusita atal horretan). Pertsona zaurgarrienek erosteko ahalmenean izandako galera konpentsatzeko Gizarte Larrialdietako Laguntzek % 10 egin dute gora, 10 milioiraino.

Autokontsumorako eta metatzerako dirulaguntzak, eraginkortasun energetikorako laguntzetan, 30 milioikoak izango dira, eta 1,5 milioi energia pobreziaren aurkako borrokan baliatuko dituzte. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren deflatazioa, % 2koa, 100 milioikoa izango da; kopuru hori bera ekarriko du 30.000 eurotik beherako errentek 2023an izango duten 200 euroko kendurak.

Gizarte etxebizitzako parkeko hornidura kostua (zentralizatutako instalazioak dituzten erkidegoetarako), 2022an bezala, 1,5 milioikoa izango da.

Energian intentsiboak diren enpresetarako, enpresa txiki eta ertainetarako eta autonomoentzako kreditu bereziko linearen barruan (Kontingentzia Energetikoko Planeko neurriak indartu egiten ditu horrek), Jaurlaritzako Hitzartuz programak iragarri ditu 40 milioi euro baliatuko dituela energia eraginkortasuneko maileguetako linean, bai eta 1,5 milioi interes autonomoko tasako % 1eko dirulaguntzetarako ere.

Gainera, Hitzartuz programak 5 milioi aurreikusten ditu enpresa txiki eta ertainetarako eta autonomoentzako auditoretza energetikoak gauzatzeko, eta beste 10 milioi enpresetarako, energia eraginkortasuneko dirulaguntzetan.

Komunikabideei erantzunez, Azpiazuk, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailearekin batera, zehaztu du energia kontsumoari aurre egiteko bonuak, bai eta inflazioak elikaduran izandako eragina arintzeko bonuak ere, Gurutze Gorriaren bidez kudeatuko dituztela. Horien helburua da pertsona, familia eta gizatalde zaurgarrienek laguntza jasotzea, kontuan izanik zailtasunak dituztela energia fakturari aurre egiteko eta elikagaiak ordaintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak KPI albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak