Ekonomia -

2023ko EAEko AURREKONTUAK

Jaurlaritzak 14.250 milioi euroko aurrekontuak aurkeztu ditu egoera ekonomiko "nahasiari" aurre egiteko

Lehen aldiz, EAEko aurrekontuak 14.000 milioi eurotik gorakoak izan dira. Zerbitzu publikoen mailari eustera, jarduera ekonomikoa bultzatzera eta enplegua sortzera bideratuta egongo dira.

Pedro Azpiazu.
Pedro Azpiazu
Pedro Azpiazu: ''Euskadiko 2023ko Aurrekontuen Proiektuak 14.250 milioi euroko zenbatekoa du''

1:45

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu Kontseiluak 2023ko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuen proiektua onartu du, 14.250,7 milioi eurokoa, hau da, % 8,7ko igoera 2022ko aurrekontuen aldean, 1.142 milioi euroko igoerarekin. Eusko Jaurlaritzaren historiako aurrekontu proiekturik handiena da, lehen aldiz 14.000 milioi eurotik gorakoa.

Zerbitzu publikoen mailari eusteko eta Euskadiko ekonomia bultzatzeko berme gisa planteatzen dira aurrekontuak, munduko egoera ekonomiko "nahasiko" testuinguru batean.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du aurrekontuen proiektu honen "oinarriak oso sendoak direla", eta gaineratu du "haren kaudimenak bermatzen duela Euskadi gai izango dela bere zerbitzu publikoen mailari eusteko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko, eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial nahasiari aurre egiteko".

Sailburuak nazioarteko egoera ekonomiko korapilatsua aipatu du, eta "lasaitasuna" eskatu du. Testuinguru horretan, azaldu du Nazioarteko Diru Funtsak nabarmendu duela munduko ekonomiaren heren bat baino gehiago uzkurtuko dela aurten eta datorren urtean, eta hiru ekonomia handienek (Estatu Batuak, Europar Batasuna eta Txina) geldirik jarraituko dutela.

Hala ere, 2023an, Eusko Jaurlaritzak % 2,1eko hazkundeari eutsiko dio, nahiz eta "zentzurik gabeko gerra baten haize-orratzak izaten jarraitzen dugun, eta ondorio ekonomikoek guztiok kaltetzen gaituzten".

Sailburuak azaldu duenez, aurrekontuen % 76 (10.254,6 milioi euro) gizarte-politiketara bideratuko da. Aurrekontu igoerarik handiena izango duten sailak Osasuna eta Hezkuntza izango dira.

Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio inbertsio publikoaren aldeko apustuari, eta 1.800 milioi eurotik gorakoa izango da (2022an baino % 14,8 handiagoa).

Halaber, I+G+Bra bideratutako aurrekontuak % 12ko igoera izango du, eta 658,4 milioi eurora iritsiko da.

2023ko aurrekontuak, halaber, genero-berdintasunarekiko konpromisoa jasotzen du, eta aurrekontuen % 17 bideratuko da horretara.

Beste berrikuntzetako bat da aurrekontu hori Europako Funtsetako diru sarrerak biltzen dituen lehena dela, 260 milioi eurokoak.

Datorren ostiralean, urriaren 28an, aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da, eta sailburuek agerraldia egingo dute azaroaren 2tik 4ra. Sailburuen agerraldien ostean, EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin eta PP-Cs alderdiekin balizko aliantzak lortzeko negoziazioen txanda irekiko da. Aurrekontu-proiektua abenduaren 23an onartzea aurreikusita dago.

Azpiazuk espero du "guztiok guztion ongiari lehentasuna ematea une nahasi hauetan, erantzukizuna, errealismoa eta kudeaketa publiko zentzuduna eta zalapartarik gabea eskatzen baitute". Gainera, esan du "lasai negoziatzeko denbora dagoela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak