Ekonomia -

Basauri-Galdakao

Metroa 2027an iritsiko da Galdakaoko erdigunera, eta 2028an, Ospitalera

Azaroan irekiko dute Bilboko metroaren 5. lineako lehen hiru zatien lizitazioa.

Bilboko Metroaren 5. linea Galdakaora helduko da eta Euskotrenen linearekin egingo du bat. BFA
Bilboko Metroaren 5. linea Galdakaora helduko da eta Euskotrenen linearekin egingo du bat.
Bilboko Metroaren 5. linea Galdakaora helduko da eta Euskotrenen linearekin egingo du bat. BFA

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Trenbide Sareak (ETS) azaroaren 3an irekiko du Bilboko metroaren 5. lineako lehen hiru zatien lizitazioa, eta hala, gertuago egongo da metroa Galdakaora (Bizkaia) heltzea eta Euskotreneko Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin lotzea. Aurreikuspenen arabera, lanak sei hilabete barru abiatuko dira, eta metroa 2027an helduko da Bizkaiko udalerrira, eta urtebete geroago, erietxera. 2029rako prest egongo da Euskotreneko lineekin lotura.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana ordainduko dituzte lanak, eta hain justu, finantzazio hitzarmena sinatzeko ekitaldian egin dute iragarpena.

Iñaki Arriola Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Garraio sailburuak zehaztu duenez, lehen hiru tarteak "ibilbidearen zati handiena" dira. Zehazki, honako hauen lanak lizitatuko dituzte: Sarratu eta Aperribai artekoa, 1,5 kilometro baino gehiagokoa; Aperribai-Galdakao, 2,8 kilometroa, eta Bizkaiko udalerria Usansoloko Ospitalearekin lotuko duena (1,9 kilometro luze).

Lehen bi tarteak 91 milioi eurogatik aterako dituzte, eta hirugarrena, 57,3 milioigatik, Arriolaren hitzetan. Era berean, argitu du laugarren tartearen (metroa EuskoTreneko lineekin lotuko duena) informazio-azterlana amaitzen ari direla, eta espero duela urtea amaitu baino lehen argitaratzea.

EuskoTrenek kudeatuko du metroaren 5. linea, eta trenak zazpi minuturo ibiliko dira.

Arriolak berak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak "erakundeen arteko lankidetza" goraipatu dute. Azpiazuren esanetan, zazpi urteko finantzazioa adostu dute. "Dena gure baliabideekin egingo dugu, Europatik etor daitezkeen funtsen zain egon gabe. Baldin badatoz, ongietorriak izango dira".

Rementeriak aitortu du "oso pozik" dagoela; "emandako hitza bete dugu", azpimarratu du.

Kazetariek egindako galderei erantzunda, Garraio sailburuak iragarri du Metro Bilbaoko 4. lineako lanen Ametzola eta Abando arteko zatiaren lizitazioa 2022a amaitu baino lehen irekiko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao Bizkaia Eusko Jaurlaritza Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa Galdakao-Usansolo Ospitalea Bizkaiko Foru Aldundia Usansolo gaur