Ekonomia -

KORONABIRUSA

Gorenak atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak pandemian kaleratzeak baliogabetzat jotzeko irizpidea

Auzitegi Gorenaren arabera, indarrean dagoen lan-legeria aplikatu behar da kasu bakoitzean. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak pandemian kaleratzeak baliogabetzea erabaki zuen, debekatuta zeudela eta iruzurra egiten zutela iritzita.

Auzitegi Gorena.
Gorena
Auzitegi Gorena.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak errefusatu egin du koronabirusaren pandemian egindako kaleratze bat automatikoki baliogabea izatea, eta, aldiz, indarrean dagoen lan-legedia kasu bakoitzean aplikatzearen alde egin du.

Laugarren salako osoko bilkurak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten aurrean aurkeztutako errekurtsoa, kaleratzeak baliogabetzea erabaki baitzuen, debekatuta zeudela eta iruzurra egiten zutela iritzita; epaiaren testua datozen egunetan argitaratuko da.

Salak azaldu duenez, arazoa 2020ko premiazko neurrien errege dekretuaren ondorioz sortu zen. Dekretu horrek adierazten zuen kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko neurriak babesten dituzten ezinbesteko arrazoiak (ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak eta ekoizpenekoak) ezin izango zirela lan kontratua iraungitzearen eta kaleratzearen justifikaziotzat hartu.

Praktikan horrek esan nahi zuen "sarritan, kaleratzea debekatzen" zela.

Gorenak ondorioztatzen duenez, inguruabar horietan egindako kaleratze bat "ez da baliogabetzat jo behar", hori justifikatzen duten inguruabarrak daudenean izan ezik, hala nola oinarrizko eskubide bat urratzea, kaleratze kolektiboari buruzko arau aplikagarriak ez betetzea, edo babes berezia sortzen duen inguruabar subjektiboren bat.

Dekretuak, jarraitu du Gorenak, ez du "benetako debekurik" jasotzen, eta iruzurrezko kaleratze bat egotearen ondorioek ez dakarte deuseztasuna; era berean, aldi baterako lan erregulazio batera jotzea ere ez da "benetako betebeharra".

Kontratua iraungitzen denean baliozko arrazoirik agertzen ez bada, indarrean dagoen lan-legeriara jo beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia