Ekonomia -

Mobilizazioak

Greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, eros ahalmenik ez galtzeko aldarri betean

Deitzaileek, lau sindikatuk eta lau gazte erakundek, ez dute greba orokortzat jo nahi izan, eta besteak beste, Frantziako Estatuko lehen sindikatuak, CFDTk, ez du babestu.

Langileen eserialdia, Mardyckeko (Dunkerque) findegiaren aurrean. Argazkia: EFE
Langileen eserialdia, Mardyckeko (Dunkerque) findegiaren aurrean. Argazkia: EFE
Langileen eserialdia, Mardyckeko (Dunkerque) findegiaren aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soldaten inguruko protestek gasolindegien hornidura krisi larria eragin dute Frantziako Estatuan, eta gaur, asteartearekin, grebak egingo dituzte sektore askotan. Mobilizazioek Emmanuel Macronen Gobernua kolokan jar dezakete. Inflazio testuinguruan, langileek eros ahalmenik ez galtzea eta erretiro adina ez atzeratzea aldarrikatuko dute.

CGT sindikatua da, beste hiru sindikatu txikiagoren babesarekin, Macronen Exekutiboaren aurkako pultsu honen protagonista nagusia.

Ipar Euskal Herrian, goizean (10:30ean), manifestazioa egingo dute Baionako suprefeturaren aurrean.

Grebarako deia egiteko agirian, lau sindikatuek eta lau gazte erakundek "langileei eta gazteei" mobilizatzeko eskatu diete, "soldatak, pentsioak, gizarte laguntzak eta bizi eta ikasketa baldintzak hobetzeko".

Philippe Martinez CGTko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, gaurko protesta irailaren 29an antolatu zutenaren "jarraipena" da, eta ohartarazi du mobilizazioaren arrakasta ikusitakoan langileek erabakiko dutela lanuzteak hurrengo egunetan luzatu ala ez, atal sindikal batzuek erabaki duten bezala.

Deitzaileek ez dute gaurko mobilizazioa greba orokortzat jo nahi izan, eta, besteak beste, CFDT Estatuko lehen sindikatuak ez du babestu.

Dena dela, ziurtzat jotzen da eragin handia izaten jarraituko duela energian (zazpi findegietatik hiruk erabat geldirik jarraitzen dute, eta erregai biltegi asko blokeatuta daude, beraz, gasolindegien % 30 ez dago hornituta) eta hezkuntzan, garraioan edo osasunean ere nabarituko da.

Hezkuntzan, guraso askok ezingo dituzte seme-alabak haurtzaindegietara eraman langile faltagatik, eta lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta, bereziki, lizeo profesionaletan, eskolak bertan behera uztea ere espero da.

EDF enpresako lanuzteak duela aste batzuk hasi ziren, gaur hasiko den soldaten negoziazioa baino askoz lehenago, eta asteburuan, Frantziako 18 zentral nuklearretatik 9 zabaldu dira, CGTren arabera.

Ezkerreko oposizioak deituta, milaka pertsonak Parisen manifestazioa egin eta bi egunera, Macronek joan den 12an gasolindegietan normaltasunera itzultzeko hitza bete behar du lehenik eta behin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Iparraldea Grebak Paris Frantzia Baiona Maule Donibane Garazi Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua