Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat hil da Iruñean, ogi lantegi batean
Ostegunean gertatu da, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.
EITB MEDIA
LAB sindikatuak ostiralean jakitera eman duenez, langile bat hil da Iruñean, Berlys kateko okindegi batean, ostegun arratsaldean.
Hori zenbatuta, 17 langile hil dira Nafarroan 2022an. Sindikatuak, ohar bidez, elkartasuna eta doluminak agertu dizkie hildakoaren senideei, lankideei eta hurbilekoei.
Langileak Monbake taldeko Berlysek Iruñean duen okindegian lan egiten zuen: "Garai hauetan, okindegiak Gabonetako kanpainan daude; lan erritmo azkarrek eta lan karga handiek arrisku eragileak handitzen dituzte. Istripuaren arrazoia zein den alde batera utzita, patronalaren ardura da beharrezko baliabide guztiak jartzea langile guztien Osasuna bermatzeko", salatu dute LABetik.
Lan osasunarekin eta lan istripuarekin lotuta, azken urteotan sindikatuak salatu izan du Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak eta Lan Ikuskaritzak ez dituztela enpresak behartzen lan osasuneko neurriak betetzera: "Patronala lasai dago neurriak bete gabe. Eta, batzuen utzikeriagatik eta beste batzuen praxi txarragatik, langileek ondorioak pairatzen dituzte, heriotzarekin ere", salatu dute.
LABek, hala, aipatutako bi erakundeei eta Nafarroako Gobernuari eskatu die baliabide guztiak abiatzeko enpresetan lan osasunerako baldintzak betetzen direla bermatze aldera.