Ekonomia -
Garraioa
Bizkaiak % 10eko beherapenak aplikatuko dizkie urtarriletik aurrera kamioilariei AP-8an eta supersaihesbidean
Bestalde, deskontu berriak egingo dira erabileraren maiztasunaren eta motor motaren arabera, eta horiek ere 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiak neurri-sorta bat jarriko du martxan garraiolariei laguntzeko, 5,6 milioi eurokoa, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera bidesarien tarifetan beherapenak eta hobariak barne.
Horrela, batez beste % 10eko murrizketa aplikatuko da AP-8 autobideko eta supersaihesbideko tarifetan, eta beherapen berriak egingo dira ordainpeko bideetan, erabileraren maiztasunagatik eta motorraren tipologiagatik.
Neurri berriak ostegun honetan iragarri ditu Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, helburua da Bizkaiko garraio sektoreari lehiakortasuna irabazten laguntzea, eraldaketa digitalari eta energetikoei aurre egiteko, deskarbonizazio-helburuak lortzen laguntzeko eta krisi energetikoaren eragina arintzeko.
Proposatutako neurri ekonomikoen artean, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera % 10eko murrizketa aplikatuko zaie AP-8 autobideko eta hegoaldeko saihesbideko tarifei I. eta II. motako ibilgailu astunentzat, ziurgabetasun globalaren, Ukrainaren inbasioaren eta munduko hornidura-kateetako "tentsioen" ondorioz sektoreak jasaten dituen kostu igoerak arintzen laguntzeko, Imanol Pradalesek nabarmendu duenez.
Beherapenak erabileraren maiztasunaren eta motor motaren arabera
Bestalde, deskontu berriak egingo dira erabileraren maiztasunaren eta motorraren tipologiaren arabera, eta horiek ere 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Horretarako, dekretu bat tramitatzen ari dira, eta, bertan, % 13ko deskontuak aplikatuko dira erabilera-maiztasunagatik, Europako Batzordeak baimendutako gehieneko ehunekoa, gutxieneko igarotze-kopuru batetik aurrera.
Neurri hori Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean soilik aplikatzen zen, baina datorren urtean lurraldeko bidesari guztietara zabalduko da, 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei ordaintzeko bide berriak barne.
Era berean, gutxiago kutsatzen duen motorraren tipologiaren araberako deskontuak aplikatuko dira, errepideko garraioaren ingurumen-inpaktua murrizteko, ibilgailu eraginkorrenei mesede eginez.
Konkretuki, % 25eko beherapenak planteatzen dira ibilgailu astun elektriko, hibrido eta gas bidezko propultsioa dutenentzat, DGTren sailkapeneko O eta ECO etiketa duten ibilgailuentzat, % 20koak EURO 6 ibilgailu astunentzat eta % 15ekoak EURO 5 kamioentzat.