Ekonomia -

Egoera ekonomikoko inkesta

Gipuzkoako enpresek uste dute merkatuaren egoerak okerrera egingo duela, dio Adegik

Gipuzkoako enpresarien elkarteak adierazi duenez, lurraldeko enpresetako kezka nagusiak dira lehengaien eta energiaren hornidura eta kostua, lan kostu handiak, soldata igoerak eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera. Aurreikuspena da Gipuzkoako BPG % 4 haztea.

Eduardo Junkera Adegiko presidentea, erdian. Argazkia: EFE.
Eduardo Junkera Adegiko presidentea, erdian
Eduardo Junkera Adegiko presidentea, erdian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako BPG % 4 haziko da 2022an, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen iritziz, hau da, "urte hasierako aurreikuspenen maila baxuan". Asteazken honetan aurkeztutako txostenean, Adegik zehaztu du lurraldeko enpresetako kezka nagusiak direla lehengaien eta energiaren hornidura eta kostua, lan kostu handiak, soldata igoerak eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera. Aurreikuspena da, halaber, merkatuaren egoerak okerrera egitea, ondorengo hilabeteotan.

Izan ere, Adegik zehaztu duenez, egungo egoera enpresek apirilean aurreikusitakoa baino okerragoa da. Enpresen fakturazioaren hazkundeak bultzada galdu du, eskaerek % 4 egin baitute behera; enpresen % 15ek plantillak handitzea aurreikusi dute, eta % 17,5ek, aldiz, murriztea.

Salmenten errentagarritasunari dagokionez, enpresen % 52rentzat jaitsi egin da, Adegiren esanetan, eta % 3rentzat soilik igo da. Hori guztia kontutan harturik Gipuzkoako enpresen % 71,5ek uste du hornikuntzen kostuetan goranzko joerari eutsiko diotela. Horrek, enpleguaren sorreran ondorio negatiboa izan dezakeela uste du enpresarien elkarteak, batez ere industrian eta merkataritza- eta ostalaritza-zerbitzuetan. Hori bai, 2022an, batez beste, soldatapeko 5.000 enplegu garbi inguru sor litezke, 2021eko datuekin alderatuta.

Txostenaren arabera, enpresen konfiantzak mailak ere behera egin du, baina oraindik enpresen % 80k uste du merkatuaren egoera, oro har, normala dela, eta enpresen % 30ak uste du merkatua surpetze egoeran dagoela.

Aurreikuspen ezkorrak

Datozen hilabeteei begira, hori bai, enpresak nabarmen ezkorragoak dira. % 32k atzeraldia aurreikusten dutenen bitartean, % 17, 5ak soilik ikusten dute susperraldia.

Fakturazioaren hazkundeak ere indarra galdu du, baina, Adegik azaldu duenez, azken hiru hilabeteetan enpresen batez besteko fakturazioa % 0,8 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean (% 0,5 barne-merkatuan eta % 1,9 kanpo-merkatuan). Igoera, batez ere, zerbitzuen sektoreari zor zaio ( % 2,9), eta atzetik dago eraikuntzaren sektorea (% 1,1). Industrian, aldiz, egoera bestelakoa da, ia gelditu egin baita hazkundea, % 0,2ko igoerarekin, eta eskaera-mailak ere, % 4 egin du behera aurreko hiruhilekoaren aldean.

Ekoizpen-ahalmenaren erabilera-maila % 84koa da, apirilekoa baino pixka bat txikiagoa, baina iazko erregistroa baino handiagoa. Horrez gain, lehengaien eta energiaren hornikuntza eta kostua dira kezka nagusia, eta, ondoren, lan kostu eta soldata igoera handiak eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera.

Hornikuntzen kostuak goranzko joerari eutsi dio enpresen % 71,5entzat, apirilean baino 13 puntu gutxiago. Batez beste, % 9,5 inguruko igoera izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Adegi bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Enpresak BPGd