Ekonomia -

2023ko kontuak

Espainiako Gobernuak gaur onartuko ditu aurrekontuak, koalizio kideek azken orduko akordioa lortuta

Goizaldean adostu dute testua ministroen kontseiluaren bilera hasi eta ordu eskasera. Itundutako testuak ez du etxebizitza legearen inguruko akordiorik jasoko, baina gizarte alorreko hainbat neurri bilduko ditu.

Diazek eta Sanchezek bilera egin dute goizean akordioa gauzatzeko. EFE
Diazek eta Sanchezek bilera egin dute goizean akordioa gauzatzeko.
Pedro Sanchezek eta Yolanda Diazek 2023rako aurrekontuen akordioa irudikatu dute Moncloan

0:32

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko koalizio kideek, PSOEk eta Unidas Podemosek, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruko akordioa lortu dute bart, ozta-ozta, ministroen kontseiluak gaur onar dezan.

Exekutiboko iturrien arabera, inoizko gastu sozial handiena izango dute "ongizate estatua indartzeko" eta egonkortasuna bermatzeko.

Iturriok zehaztu dutenez, kontuek pentsiodunen "erosahalmena bermatuko" dute KPIaren araberako igoerekin, eta "langile publikoen lan eta soldata baldintzak hobetuko dituzte". Era berean, osasunean, hezkuntzan, menpekotasunean eta beketan ahalegin berezia egin omen dute koalizioko kideek.

Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Planaren funtsak barne edukiko ditu aurrekontuen proiektuak. Helburua da Espainiako ekonomia "digitalagoa, berdeagoa eta produktiboagoa" izatea.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak akordioa goraipatu dute: 

Uztailean, 2023rako 198.211 milioi euroko gastu sabaia onartu zuen Espainiako Gobernuak, aurtengoa baino % 1,1 altuagoa. Halaber, BPGaren % 3,9ko defizit publikoaren aurreikuspenari eutsi zion exekutiboak.

Negoziazio luze eta tenkatuen ostean, goizaldean iritsi da aurrekontuen ituna, ministroen kontseiluaren bilera hasi baino ordu batzuk lehenago.

Estatuko Komunikazio Idazkaritzak jakinarazi duenez, aurrena Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Yolanda Diaz Lan ministro eta bigarren presidenteordeak izenpetu dute akordioa (albistean ageri den argazkian), ondoren, ministroen kontseiluan onartzeko.

Etxebizitza eta Defentsa, eztabaida iturri

Pedro Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak irrati bati eskainitako elkarrizketan iradoki duenez, koalizio moreak muzin egin dio testuak etxebizitza legearen (izapidetzean ez atzera ez aurrera dago) aipamenik egiteari.

Era berean, Defentsa gastua igotzearen inguruan koalizio kideek zituzten desadostasunak konpontzeko modua topatu dute. Aurrekontuetako partidetan ez da igoerarik egingo, bai, ordea, aparteko programa batzuen bidez. Igoera horrek gastu sozialari eragingo ez diola azpimarratu dute Unidas Podemosetik, eta horren harira, Echeniquek ohartarazi du gaia "gertutik jarraituko" dutela.

Proiektuak ez ditu jasoko inflazio altuari aurre egiteko neurriak —erregai litroko 20 zentimoko beherapena edo argindarraren BEZaren jaitsiera—, biak ala biak urte amaieran onartuko baitituzte.

Horrez gain, hiru milioi euro baino gehiagoko ondarea dutenei ezarritako zerga berezia beste lege baten bidez garatuko dute. Gauza bera egin zuten banketxeei eta argindar enpresei aplikatutako zergekin ere.

Kontrara, Ogasun Ministerioak joan den astean iragarritako neurri fiskaletako batzuk aurrekontuen proiektuan sartuko dituzte. Hala nola, 21.000 eurotik beherako errentei PFEZaren lan etekinengatiko murrizketa.

Proiektuak beste hauek ere jasoko ditu: 200.000 eurotik gorako errentak dituztenen PFEZa bi puntu igotzea, enpresa txikiei sozietateen gaineko zerga jaistea, hilekoaren produktuen BEZa jaistea, eta autonomoen PFEZa jaistea, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak