Ekonomia -
Erosketa saskia
Getxo da erosketak egitean gutxien aurrezteko aukera ematen duen Estatuko bigarren hiria
OCUk urtero egiten duen txostenaren arabera, Bizkaiko udalerriko supermerkatuek 601 euro aurrezteko aukera ematen dute. Espainiako Estatuko batez bestekoa 1.000 euro ingurukoa da. Erosketa orga % 15,2 garestitu da, 34 urtean izandako prezioen igoera handiena.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Beste urte batez, Getxo (Bizkaia) da erosketa saskia betetzeko orduan aurrezteko aukera txikiena ematen duen Estatu espainiarreko bigarren hiria, OCU Espainiako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak urtero egiten duen txostenaren arabera. Udalerri bizkaitarreko supermerkatuetan erosita, gehienez 601 euro aurreztuko du kontsumitzaileak; Espainiako Estatuko batez besteko aurrezpena 994 eurokoa da, iaz baino % 7,3 gutxiago.
Inflazio handiaren testuinguruan, erosketa saskia betetzea zenbat kostatzen den aztertu du kontsumitzaileen elkarteak, eta, ,horretarako 65 hiritako eta Interneteko 1.180 supermerkatuetako prezioak xehatu ditu.
Ondorioztatu dutenez, supermerkatu kate guztiek igo dituzte prezioak, eta, hala, zailagoa da aurreztea, "oraindik posible bada ere". OCUren esanetan, 2021eko maiatzetik aurtengo maiatzera % 15,2 garestitu da erosketa orga, txostena egiten dutenetik (1988an hasi ziren) izandako hazkunderik handiena. Ileana Izverniceanu OCUren komunikazio eta erakundeekiko harremanen zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenez, litekeena da igoera hori "gaurkotuta ez" egotea, azken lau hilabeteetan prezioek gora egiten jarraitu dutelako. OCUk azterketa txiki bat egin du maiatzetik irailera Bartzelonako eta Madrilgo hainbat dendetako salneurriak aztertuta, eta % 1eko igoerak antzeman ditu. Are gehiago, kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du "muga jartzen ez bazaio" prezioek gora egiten jarraituko dutela.
Aurretik ere egon da Getxo erosketa egiteko hiri garestienen artean —iaz ere, bigarren tokian izan zen, Las Palmasen (Kanaria Handikoa) atzetik—. Aurten, Cartagena (Murtzia) izan da hiririk garestiena: han, gehienez, 618 euro aurrez daitezke. Ifrentzuan, erosketa saski merkeena egiteko aukera ematen dute Madrilek (saltokia ondo aukeratuta, 3.529 eurora arte aurrez dezake kontsumitzaileak) edota online saltokiek (2.309 euro artekoak).
Supermerkatu kateei erreparatuta, OCUk azalarazi du denda guztiek garestitu dituztela euren prezioak, batez beste % 10-15eko igoerekin. Dena dela, bada prezioak langa horretatik gora igo duenik ere: multzo horretan daude DIA (% 15-17ko igoerekin) eta Mercadona (% 16,1). BM Urban (Uvesco Taldea) igoera txikiena egin duen kateen artean dago: % 8,8 egin dute bere prezioek gora, KPIaren igoera bertsuarekin. Eroski Center eta Eroski City saltokien igoerak % 10etik gora daude.
Ekilore olioaren prezioak % 118 egin du gora
OCUren arabera, azken urtean, erosketa saskiko produktuen % 95 garestitu dira, eta 12 produktutan bakarrik nabaritu dituzte "merkatze txikiak".
Gehien garestitu diren produktuen artean honakoak daude: ekilore olioa (% 118), madalenak eta margarina (% 75), platanoak (% 64), pasta (% 56), oliba olioa (% 53), irina (% 50etik gora) eta arrautzak (% 47). OCUk ohartarazi duenez, ekilore olioaren garestitzea ez da "Ukrainako gerraren ondorioz bakarrik gertatu", eta 2021eko udatik igotzen ari dela zehaztu dute.
12 produktu merkeago topatu dituzte aurten. Hala nola, txanpua (batez beste % 5 jaitsi da prezioa), ahuakatea (% 10 inguru) eta kiwia (% 6).