Ekonomia -
Bilboko metroa
Gobernu Kontseiluak Bilboko metroaren 5. linea eraikitzeko hitzarmenari onespena eman dio
Sarea 6,3 kilometrotan eta Galdakaoraino luzatuta, linea horrek Etxebarri Busturialdea eta Durangaldea trenbide sarearekin lotuko ditu 2029an. Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du orain Eusko Jaurlaritzaren, ETSren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena.
EITB Media
Metro Bilbaoren L5 linea (Etxebarriren eta Busturialdeko eta Durangaldeko trenbide-sarearen konexioaren artean) eraiki eta finantzatzeko eta sistema metropolitarrean integratzeko Eusko Jaurlaritzaren –Ogasun eta Garraio sailak–, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena sinatzeari onespena eman dio gaur Gobernu Kontseiluak, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuaren proposamenez.
Sinatuko den hitzarmen horretan jasotzen denez, Euskal Trenbide Sareak idatziko ditu linea hori egiteko behar diren azterketa eta proiektu teknikoak, bideragarritasun ekonomikoari eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzkoak, besteak beste. Garraio Sailaren mendeko den erakunde publikoak eraikiko du egungo sarea 6,3 kilometrotan luzatuta Galdakaoraino iritsiko den linea berria. Bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea. ETS arduratuko da, halaber, obraren zuzendaritzaz eta ikuskapenaz.
Kostuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatuko dute azpiegitura berria, eta, horretarako, 360 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2023tik 2029ra bitartean. Zerbitzua ustiatzeko material mugikorra Euskotrenen kontura izango da, eta hitzarmenetik kanpo geratu da.
Lanen jarraipena egiteko, batzorde instituzional bat eta batzorde tekniko bat sortzea ere ezartzen du 2029ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den itunak. Gobernu Kontseiluaren onespenarekin, Legebiltzarrari helaraziko zaio orain testua, Jaurlaritzaren Legean jasotakoari jarraikiz.