Ekonomia -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Lakuntza: "Arabako metalgintzako langile gehienei ez zaie ezarriko soldata igoerarik"

ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, atzo izenpetutako aurreakordioan jasotzen den igoera ez da soldata errealetan aplikatuko, tauletan baizik". "Arabako enpresa gehienetan taula horien gainetik daudenez, langile gehienek ez dute euro bakar bat ere ikusiko", zehaztu du.

Mitxel Lakuntza, gaur, Euskadi Irratian.
Mitxel Lakuntza, gaur, Euskadi Irratian.
Mitxel Lakuntza, gaur, Euskadi Irratian.

play icon 22:49

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako metalgintzan aurreakordioa lortu dute SEA patronalak eta sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoak  —LABek, CCOOk eta UGTk—, eta  lan hitzarmena adostu dute 2025. urtera arte. ELAk uko egin dio akordioa sinatzeari, oinarrietan gabezia handiak daudela iritzita. Besteak beste, % 15etik gorako soldata igoera adostu dute patronalak eta sindikatuek, hitzarmena indarrean dagoen artean (2025 urtera arte), eta ondoren, gaurkotze klausula aplikatuko da KPI guztia berreskuratzeko. 

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Euskadi Irratian, gaur goizean, egindako elkarrizketan esan duenez, "Arabako metalgintzako langile gehienei ez zaie aplikatuko soldata igoerarik",  aurreakordioan adostutako "igoera ez delako soldata errealetan aplikatuko, tauletan baizik". Azaldu duenez, enpresa gehienetan, "langileen borrokaren bidez", tauletan jasotako kopuruen gainetik dituzte soldatak. "Sinatu den igoera ez da soldata errealetara eramango eta langile gehienek ez dute euro bat ere ikusiko. Hori da, hain zuzen, ELAk eskatzen duena, soldata errealetan ezartzea igoera. Hori jaso beharko luke hitzarmenak", zehaztu du.

Aurreakordioan hainbat "aurrerapen" jaso direla aitortu du, horiek "langileen mobilizazioari esker" lortu direla nabarmenduz. Horregatik, aste honetarako deituta zeuden greba deialdiak bertan behera utzi izan ez balira, "hobekuntza gehiago lortuko" lituzketela esan du. Zentzu horretan, UGT eta LAB sindikatuen jarrera kritikatu ditu, mobilizazioei ez eustea erabaki dutelako.

Inflazioaren gorakadari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritza errenta itunaren beharra behin eta berriz aipatzen ari den honetan, Lakuntzak Iñigo Urkullu lehendakariari galdetu dio zer den errenta ituna. "Praktikan, errenta ituna patronalak negoziazio mahaian proposatzen duena da; % 3ko igoera, KPIa % 10tik gora dagoenean. Hori al da Urkulluren errenta ituna", galdetu du.

Halaber, Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektua ere izan du hizpide ELAko idazkari nagusiak, eta oso kritiko agertu da Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen testuaren edukiarekin. "Orokorregia" dela iritzi dio, eta helburua "oraingo sistema betikotzea" dela esan du. "Ez da ezer berria proposatzen, muinean egungo sistemak jarraituko du: curriculum berria izateari uko egiten zaio, euskararen murgiltze eredua ez da garatzen eta segregazioaren arazoari ez zaio heltzen. Langileen behin behinetakotasuna amaitzeko neurririk ere ez da proposatzen",  adierazi du.  Egoera horren aurrean,  ELA prest agertu da Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraitzeko, baina "egoera aldatzen ez bada", grebara joatea ez dute baztertzen.

Azkenik, ostegunean Eusko Legebiltzarrean egitekoa den Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren atarian, fiskalitatearen inguruko herri akordio zabala eskatu du, beste behin, ELA sindikatuko buruak. Salatu duenez, gaur gaurkoz "akordio bakarra dago martxan, ezer ez aldatzeko ituna". "Badago datu objektibo bat: IBEXeko enpresen irabaziak inoizko handienak diren bitartean, herritarren pobretzea azkartzen ari da. Agertoki horri aurre egiteko hartzen ari diren neurri neoliberalak ez dira egokiak. Esku-hartze publikoa behar da, ezkerreko neurriak. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, gaur egun, FMIren eskuinean daude", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia