Ekonomia -
12 minutos
Antonio Garamendiren arabera, Yolanda Diaz "oker ari da" prezioak mugatzeko proposamenarekin
CEOEko presidentea ETB2ko '12 minutos' saioan izan da astelehen honetan. Haren aburuz, Euskadik posizio ekonomiko hobea dauka, "bere antolamendu industriala" tarteko.
itxaso leon kareaga | eitb media
Antonio Garamendi CEOEko presidentea '12 minutos' saioan izan da astelehen honetan, Arantza Ruizek aurkezle duen ETB2ko elkarrizketa tartean. Uneko egoera ekonomikoaz aritu da, eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroaren jarrera gaitzetsi du. Izan ere, "kanpaina egitea" leporatu dio.
Egungo panorama ekonomikoaz egindako analisian, Garamendik ohartarazi du "bihurguneak" datozela, eta parte koiuntural bat, hori ulertzeko gakoa, dela "Ukrainako inbasioaren eragina".
Dena dela, azpimarratu duenez, "gauzak ez doaz primeran batzuek dioten bezala, baina ezta ikaragarri gaizki ere, besteek dioten bezala". "Ikusi behar duguna da", gaineratu du, "gauzak nola egin egoera honetatik ateratzeko".
Hala, CEOEko presidenteak Diazen prezioak mugatzeko proposamena izan du hizpide eta, mantendu duenez, "kasualitatez edozein enpresa, euskal enpresak barne, prezioari buruz hitz egitera eseriko balitz, polizia etorriko litzateke gure bila, debekatuta baitago".
Era berean, "arduragabekeriatzat" jo du "pertsona batek, daukan karguarekin gainera, ideia horiek botatzea eta arreta politikan eta kanpainan izatea, bere arduretan baino gehiago".
"Uste dut bigarren presidenteordea oker ari dela", azpimarratu du, "hauteskunde kanpainak hogei egunero izan behar dira, eta orain urtetan zehar luzatzen dira, eta ez dira gelditzen".
Euskadiri dagokionez, Garamendiren aburuz "gainerako lurraldeena baino posizio ekonomiko hobea dauka", bere "antolamendu industriala" tarteko.