Ekonomia -
LEP
24.000 hautagai aurkeztu dira asteburu honetako Lan Eskaintza Publikora
Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak "inflexio-puntu" gisa kalifikatu ditu probak. "Gure administrazioko bitartekotasunaren murrizketan aurrera egiten dugu", adierazi du.
Agentziak | EITB MEDIA
Asteburu honetan zehar, irailaren 17an eta 18an, EAEko Administrazio Orokorrerako enplegu publikoa finkatzeko probak egongo dira Barakaldoko BECen. Lehenengo deialdira, 24.061 pertsona aurkeztu dira -% 75 emakumezko eta % 25 gizonezko-, eta 1.272 plaza daude jokoan.
Gaur, 10:00etan, laguntzako langileen azterketa egin da: 230 plaza eskaintzen dira, eta 8.895 pertsonak hartu dute parte. Arratsaldeko 16:00etan, berriz, Erizaintzako proben txanda izango da: 40 lanpostu eta 935 hautagai.
Igandean, aurreko eguneko ordu berean, administrari laguntzaileen azterketa egingo da goizez, eta administrariena, arratsaldez, 677 eta 325 plazekin, hurrenez hurren; lanpostu bakoitzerako 18.000 hautagai baino gehiago daude.
Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak euskal administrazioarentzat "inflexio-puntu" gisa kalifikatu ditu probak. Halaber, "administrazioan bitartekotasunaren murrizketan egindako aurrerapena" nabarmendu du.
Sailburuak adierazi du euskal administrazioa honelako prozesu bati aurre egiten lehena izan dela, eta deialdiak "berdintasun, merezimendu, gaitasun eta lehia askearen printzipioak" bermatzen dituela, "bitarteko langileen esperientzia eta antzinatasun luzea aitortuta".