Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zupiria: "Trantsizio energetikoaren arloan akordioetara heltzeko aukera baten aurrean gaude"
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurkotasun gaiak aztertu ditu Radio Euskadiko "Ganbara" saioan. Euskadin bi parke eoliko eraikitzeko proposamena baloratu du.
EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Statkraft Norvegiako enpresa publikoak bultzatutako proiektua "trantsizio energetikoaren arloan akordioetara heltzeko aukera bat da".
Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan elkarrizketatu dute. EAEko Exekutiboaren bozeramaileak Euskadin bi parke eoliko eraikitzeko proposamena baloratu du. Konkretuki, Itsaraz parke eolikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta Piaspe (Gipuzkoa) ditu begiz jota Norvegiako enpresak. Aurrenekoak 52,8 megawatteko gaitasuna izango du, eta bigarrenak 33koa.
Edonola ere, bi proiektu horiek argindarra sortzeko martxan diren guztiei gehitu behar zaizkiola gogorarazi du Zupiriak. Horrela, lankidetza publiko-pribatuko egitasmo zerrendaren garrantzia azpimarratu nahi izan du sailburuak. "Guztietan EEE (Energiaren Euskal Erakundea) parte hartzen ari da", gaineratu du.
"Orain arte eztabaida asko, baina akordioetara heltzeko jarrerarik ez dut ikusi", deitoratu du Zupiriak.
Udalerrietako alkateek ere (guztiak EH Bildukoak) Statkraften proposamena baloratu dute ETBn. Zentzu horretan, sare sozialetan zabaldutako agiri batean, EAJko Euzkadi Buru Batzarrak EH Bilduren "jarrera politikoaren aldaketatzat" jo duena egitasmo honetara soilik ez mugatzea eskatu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Hezkuntza Legea izan du hizpide. Lege-aurreproiektuaren zirriborroa argitaratu ondoren, Elkarrekin Podemosek testua kritikatu du. Zupiriak ez du polemika edo eztabaida areagotu nahi.
"Bidearen erdian gaude, ez da kritikatzeko unea, ezta kritikei erantzuteko momentua ere", adierazi du. "Negoziazio hilabete asko ditugu aurretik", erantsi duenez.