Ekonomia -
Prezioei topea
Espainiako Gobernuak ez du prezioak kontrolatzeko proposamenik eskuartean, Planasek dioenez
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak azpimarratu duenez, "elikadura kate osoko eragileei Gobernuak eskatzen diena da, batez ere, banaketaren arlokoei, har dezatela prezioei eusteko duten arduraren zatia beren gain".
Agentziak | EITB Media
Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak gaur Diputatuen Kongresuan ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak ez dauka eskuartean erosketa saskiaren gehienezko prezioa ezartzea ekar dezakeen salneurrien kontrolerako inongo proposamenik.
"Zure lasaitasunerako, ez dago mahai gainean prezioen kontrolerako inongo proposamenik", erantzun du Planasek, Alderdi Popularreko Celso Luis Delgadok Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak elikagaien prezioak mugatzeko aurkeztutako egitasmoaren inguruan egin dion galderari.
Planasek gaineratu duenez, "elikadura kate osoko eragileei Gobernuak eskatzen diena da, batez ere, banaketaren arlokoei, har dezatela prezioei eusteko duten arduraren zatia beren gain".
"Erabat nahitaezkoa da, eta Gobernuaren lehentasuna da, eta horretan gaude, elikadura kateko eragile guztiekin elkarrizketan, hori bai, elikadura katearen legea errespetatu behar dela kontuan izanda"; lege horren arabera, ministroak azaldu duenez, katebegi bakoitzak ekoizpena kostatu zaiona baino prezio handiagoan saldu behar du.
Diazen proposamena "friboloa eta irenstezina" dela esan du Delgadok, eta elikadura kateko hainbat eragileren kontrakotasunaren berri izan duela azaldu du.
Bestelako aukera gisa, kostu energetikoei eusteko neurriak eta oinarrizko elikagaien BEZa jaistea proposatu ditu.
Astearte honetan, Pedro Sanchez Gobernu espainiarreko presidenteak, Espainiako kate publikoan emandako elkarrizketan, ez du argitu Diazen proposamena babesten duen edo ez, baina "eztabaida" badagoela esan du, eta gaineratu du Gobernua "aldagai guztiak aztertzen" ari dela langile klasea defendatzeko.
"Presidenteordeak eta Gobernu osoak ardurak partekatzeko deia egin behar dugu", gaineratu du enpresei zuzenduta.
Ekoizpen kostuen gorakadak elikagaien igoera ekarri du berekin; iazko hil berarekin alderatuta % 13,8 igo ziren elikagaien prezioak abuztu honetan, eta % 0,5 uztailetik, 1994tik izan den tasarik altuena. Esnea, gazta eta arrautza, haragia, ogia eta zerealak izan dira gehien igo direnak.