Ekonomia -
KPI
Zerealak, arrautzak, esnea eta olioa, erosketa saskian gehien garestitu diren produktuak
Azken urtean, berogailua, argindarra eta ur hornidura % 47,2 garestitu dira; olio eta koipeak % 24; arrautzak % 22,4 garestiagoak dira; esnearen prezioak % 25,6 egin du gora, eta zerealenak, % 21,7.
EITB Media
Abuztuko KPIa % 10,5ean gelditu, eta espero baino gutxiago jaitsi da, elikagaien prezioaren % 13,8ko igoera esanguratsuaren eraginez. Elikagaien tasa hau hiru ehunen igo da uztailetik, eta 1994 urtarrilean abiatutako serie osoan, erregistratutako altuena da. Horien artean, bereziki nabarmentzekoak dira, haragiaren, ogi eta zerealen, esnearen, gaztaren eta arrautzen igoera, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) astearte honetan argitaratutako abuztuko behin-betiko KPI datuen arabera.
Azken urtean, berogailua, argiteria eta ur hornidura % 47,2 garestitu dira; olio eta koipeak, % 24; arrautzak % 22,4 garestiagoak dira; esnearen prezioak % 25,6 egin du gora, eta zerealenak, % 21,7.
Halaber, ogiak, behi haragiak, hegazti haragiak, esnekiak eta patatek zein horien prestakinek % 15etik gorako igoera izan dute.
Erregaien prezioa uztailetik % 7,1 jaitsi bada ere (hortik indize orokorraren beherakada), urte arteko konparaketak prezioak % 24,7 igo direla erakusten du. Produktu energetikoek, bestalde, % 37,4 egin dute gora.
Etxebizitza % 24,8 garestitu da iaztik, eta % 3,6 uztailetik, elektrizitatearen prezioen gorakadaren ondorioz, batez ere.
Garraioa % 3,7 jaitsi da uztailetik, baina % 11,5 garestitu da iazko abuztutik.
Etxeko tresneria, nahiz hotel, kafetegi eta jatetxeetako prezioak % 7,6 igo dira iaztik, eta jantziak eta oinetakoak, % 5,6.