Ekonomia -
KPI
Uste baino gutxiago jaitsi da KPIa abuztuan, % 10,5eraino
EAEn, joan den hileko urte arteko tasa % 10,3koa da, eta Nafarroan % 11koa. Urtea hasi zenetik, prezioak % 6 garestitu dira Estatu espainiarrean, Estatistika Institutu Nazionalak zabaldutako datuen arabera.
Agentziak | EITB Media
Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) abuztuko behin betiko datua argitaratu du gaur Estatistikako Institutu Nazionalak (INE), orain bi aste datu aurreratua (% 10,4) kaleratu ondoren. % 10,5ean kokatu zen KPIa aurreko hilabetean, uztaileko datuarekin alderatuta hiru hamarren gehiago, eta urte artekoari erreparatuta, berriz, hiru puntu gutxiago.
Adituek aurreikusitakoa baino gutxiago apaldu da, beraz, adierazlea, eta azken 30 urteetako markak hausten jarraitzen du. 1984tik jasota dauden datuak aintzat hartuta, joan den uztailean jo zuen goia, % 10,8raino iritsita.
Era berean, hiru hilabetez jarraian urte arteko tasak gorantz egin ondoren, abuztuan, joera aldatu egin da; maiatzean % 8,7an kokatu zen, ekainean % 10,2an eta uztailean % 10,8an.
Apaltze xume hori zerk eragin duen ere azaldu du bere txostenean INEk. Erregaien eta lubrifikatzaileen merkatzeak ekarri du, hain zuzen, urte arteko tasa hiru hamarren jaistea. Garraioen alorrarekin lotutako prezioek, esaterako, 4,5 puntuko jaitsiera izan dute (% 11,5).
Kontrara, elikagaiak eta argindarra garestitu egin dira berriro. % 13,8raino igo da elikagaiei dagokien urte arteko tasa, 1994tik zenbakirik altuena. Haragia, ogia, zerealak, esnea, gazta eta arrautzak garestitu dira, batez ere.
Etxebizitzen prezioek ere gora egin dute, eta alor horri lotutako KPIaren urte arteko tasa % 24,8an dago, bereziki, argindarraren garestitzeak eraginda.
Hala, azken urtebetean, berogailuaren, argiteriaren edota uraren prezioa ia bikoiztu egin da (% 47,2); olioarena % 24 garestitu da; arrautzena, % 22,4; esnearena, % 25,6; eta zerealena, % 21,7.
Hego Euskal Herria, lurraldeka
EAEn KPIa % 10,3koa izan zen abuztuan. Lurraldeka, Araban, urte arteko tasa % 10,2an kokatu zen; Bizkaian, % 10,4an; eta Gipuzkoan, % 10,1ean. Lurraldeotan ere, oso gutxi izan arren, apaldu egin da adierazlea eta garraioen ataleko prezioen jaitsiera izan da eragilea.
Nafarroak % 11ko urte arteko igoerarekin itxi zuen abuztua, uztailean jasotako urte artekoko tasa (% 11,4) baino lau hamarren gutxiagorekin. Sektoreka, abuztuan, prezio igoerarik handiena aisialdiak eta kulturak izan zuten (% 1,8).
Azpiko inflazioa % 6,4ra igo da
Hileroko txostenean, azpiko inflazioaren —landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartu gabe kalkulatzen dena— berri ere eman du INEk, eta adierazle hori ere markak hausten ari da. Hiru hamarren igo zen abuztuan, % 6,4raino, 1993ko urtarriletik izan duen baliorik altuenera. Horrela, azpiko inflazioa KPI orokorraren tasa baino 4 puntu beherago dago.