Ekonomia -
kontsumoa
Enpresa banatzaile handien arabera, prezioei muga jartzeak merkatua desitxuratzen du
Banaketaren patronalak Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordearekin elkartu dira astelehen honetan.
agentziak | eitb media
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak deitutako banaketaren patronalek astelehen honetan adierazi dutenez, oinarrizko elikagaien prezioari muga jartzeko proposamenak merkatua desitxuratu dezake, eta zergak jaisteko eta "sektorea ez deabrutzeko" eskatu dute.
Lan ministro ere badena eta Alberto Garzon kontsumo ministroa Anged, Asedas eta ACES patronaletako arduradunekin bildu dira astelehen honetan, baita zenbait kontsumitzaile elkarterekin ere, elikagaien inflazioa eteten lagunduko duten neurriak eztabaidatzeko.
Ignacio Garcia Magarzo Asedas supermerkatuen patronaleko zuzendari nagusiak adierazi duenez, Gobernuko bigarren presidenteordeak mozkin-marjinaren arazoari buruz egindako analisiak "ez du nahikoa oinarri zientifiko".
Haren aburuz, ez da ideia "ona" oinarrizko orga komun bat prestatzea, ez datorrelako bat "Espainiako banaketa komertzialaren egiturarekin".
Gaineratu duenez, Diazek zenbait elikagairen prezioak mugatzeko egindako proposamena ez da "baliagarria" inflazio arazoak konpontzeko. Arazo horiek lehengaien prezioen "presio larriak" eragiten dituela dio, eta, hortaz, "hobe" dela BEZa bezalako zergak jaistea edo energiaren kostua merkatzea.
Javier Millan-Astray Banaketa Enpresa Handien Elkarte Nazionaleko (Anged) presidenteordeak deitoratu du "banaketa sektorearen jokabidea iluntzen" ari direla, "arduratsua" izaten ari bada ere.
Millan-Astrayk ziurtatu duenez, "ohiz kanpoko ahalegina" egiten ari dira kateko maila desberdinetako kostuak kontsumitzaileei ez helarazteko; energiaren, zerealen, ongarrien eta ontzien prezio garestiagoak barne.
"Erosketa saski bat zehazten saiatuz gero, desitxuratu egingo dira banaketa enpresek euren hornitzaileekin dauzkaten harremanak", nabarmendu du Anged elkarteko arduradunak. Merkatuaren jardun askea moldatzearen aurka agertu da, "eraginkortasun eza eragiten baitu prezioetan".
Bestalde, Aurelio del Pino Espainiako Supermerkatu Kateen Elkarteko (ACES) presidenteak azpimarratu du marko legalak ez duela begiesten "lehiakortasuna eraldatu edo mugatuko duten enpresa arteko akordioetara iristeko aukerarik".