Ekonomia -

Prezioak

Eroskik prezioei "eusteko" ahalegina nabarmendu du, mozkin-marjina "estua" duen sektore batean

Dioenez, inflazioak "ez dio inori mesede egiten", eta Eroskik berak ere nabaritu du "ekoizlearen" inflazioaren presioa. Errealitate konplexuaz "erabat jabeturik", bikoiztu egin ditu kateak "sustapen-ahaleginak".

Eroskiren hipermerkatu bat. Irudia:commons.wikimedia.org
Eroskiren hipermerkatu bat. Irudia:commons.wikimedia.org
Eroskiren hipermerkatu bat. Irudia:commons.wikimedia.org

Europa Press | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eroskik salmenta-prezio publikoei "eusteko" egiten ari den "ahalegin handia" nabarmendu du, azken hiruhilekoan egindako sustapen-ahaleginetan, batez ere; eta gogorarazi du banaketarena bezalako sektore batena mozkin-marjinak "estuak" direla, eta ez dagoela "maniobrarako aukera handirik". 

Kristin Prieto Eroskiko Komunikazio arduradunak Europa Pressi azaldu dionez, Eroski "une honetan bizi dugun" egoeraren konplexutasunaz "oso jabe da", baita ondorioez ere, "inflazioa" nagusiki. Horregatik, azken hiruhilekoan, "sustapen-ahaleginak bikoiztu" egin dituztela argitu du. "Egia esan ahalegin handia egiten ari gara bezeroari laguntzeko, kontsumitzaileei, eta prezioen eta inflazioaren igoeraren aurrean, salmenta-prezioei eusten saiatzen ari gara", ziurtatu du. 

Zehazki eskaintza mota desberdinak aipatu ditu, "3x2, bigarren unitatea % 70era, edo BEZ gabeko egunak", esaterako, batez ere "marka propioa sarituz". Gainera, gogorarazi du, abuztuko bigarren hamabostaldian sustapen-kanpaina bat abian jarri zutela, "800 produktuz osatutako saski ekonomikoa, produktu freskoak ere barne hartzen dituena eta familia-tipo bati erosketa saskia osatzeko balio diona. Preziorik hoberenetan dauden produktuak dira eta Eroskik kontsumitzaileei laguntzeko egiten duen ahaleginaren erakusle", azpimarratu du. 

Halako egoera baten aurrean aintzat hartu behar den kontuetako bat mozkin-marjianarena dela dio Prietok eta banaketarena bezalako sektore batean, "marjina hori estua" dela eta "maniobrarako toki handirik ez" dagoela. 

Gaineratu duenez, espainiar Estatuan banaketa-sektoreak "ultralehiakortasun" deritzona pairatzen du, eta, beraz, banaketa-enpresa gehienek prezioak "asko" doitu behar dituzte bezeroak erakartzeko eta sustapen-jardueretan "oso aktibo" izateko.

Azkenik, argi utzi nahi izan du inflazioak ez diola "inori" mesede egiten, eta Eroskik "ekoizlearen" inflazioaren presioa ere nabaritu duela.

"Gogoratu behar da hau balio-kate bat dela, ekoizlearengan hasi eta, banatzailearen bidez, bezeroan amaitzen dena. Jakina, lehengaien kostuak eta energiarenak igotzen direnean, ekoizleak bere salmenta-prezioa igo beharra ikusten du, eta guk, balio-kate horren parte garenez, garestiago erosi behar dugu produktu hori. Halere, berriro diot, ez dugu nahi igoera hori guztia kontsumitzailearen bizkar uztea, uste baitugu egoerak eskatzen duela gure partetik ahalegina egitea ere", amaitu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroski KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Erosketa saskia