Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Diazen ekimenarekiko kritiko azaldu da Tapia: "Prezioa ezin da ekoizpen kostuaren azpitik egon"
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak iragarri du arratsaldean lehen sektorearekin bilduko dela, energiaren kontingentzia planaren ekarpenak jasotzeko, baina baita prezioak zehazteko prozesuaz zein lehortearen eraginaz hitz egiteko ere.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua kritiko azaldu da Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak inflazioari aurre egiteko martxan jarritako ekimenarekiko —banaketa zentro handiekin batera, bilera batzuk egiten ari da oinarrizko elikagaien prezioa mugatzeko asmoz—, eta esan du "kontuz" ibili behar dela, lehen sektorearen interesak defendatuz. "Ezin da inolaz ere adostasunik lortu prezioak ekoizpen kostuaren azpitik", ohartarazi du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "gauza asko kontuan" hartu behar dira prozesu horretan, eta horren ildotik, zehaztu du Euskadin badela mekanismo bat, Behatokia izenekoa, ekoizpen kate ezberdinetako prezioak aztertzen dituena. "Bakoitzak bere kostuak eta prezioak ditu. Elikadura katearen legearen arabera, ezin da saldu ekoizpen prezioaren azpitik. Kontuz prezioak adostearekin ere, lehia askearen kontra arituko baikinateke, eta kontuz gure ganaduzale eta nekazariekin ere. Guk gurera jarraituko dugu, gure sektorearekin lanean", erantsi du. Tapiaren hitzetan, ekoizleek ezin dute inflazioaren krisi hau ordaindu.
Horren harira, iragarri du arratsaldean bilera duela lehen sektoreko ordezkariekin. Berez, energiaren kontingentzia planari egindako ekarpenak jasotzeko batzartuko dira, baina prezioen auzia eta lehortearen ondorioak ere izango dituzte mahai gainean.
Krisi energetikoa hizpide, azpimarratu du Jaurlaritzak efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko hautua eginda duela. Azken horren kontura, gogora ekarri du Europak 2030 urterako 500 gigawatt eolikoen bidez ekoitzi behar direla zehaztu duela eta, horren aurrean, "arduraz" jokatu behar dela nabarmendu du, "proiektuak azkarragotzen".
Halaber, argitu du etxe partikularretan zein lehen sektoreko ustiapenetan eguzki plakak jartzeko laguntzak martxan daudela, eta etorkizun hurbilean "proiektu asko" daudela ikusten badute, laguntzak "areagotuko" dituztela agindu du, baita komunitate energetikoak sortzeko aukera ere.
Ukrainako gerrak negu honetako gas horniduran izan ditzakeen ondorioez galdetuta, Tapiak azaldu du Euskadik baduela "gas nahikoa" datozen hilabeteetarako, azpiegiturak badituelako hura jaso eta erabili ahal izateko, baina "egoera oso aldakorra denez, ezin esan guztiz bermatuta izango dugula negu osoan". "Ahalik eta gutxien erabili behar dugu, eta tentuz eta zentzuz erabili", gaineratu du.