Ekonomia -

Inflazioa

Espainiako Gobernuak elikagai batzuen prezioa mugatzeko proposamena aztertuko du Carrefourrekin

Espainiako Gobernuak bilera sorta bat hasiko du banatzaileekin eta kontsumitzaileekin, oinarrizkotzat jotzen diren zenbait elikagairi muga jartzen saiatzeko. Frantziako enpresa banatzaileak oinarrizko saski bat eskainiko du 30 euroren truke.

Supermerkatua. Argazkia: Pixabay
Supermerkatua.
Supermerkatua. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Alberto Garzon Kontsumo ministroa Alexandre de Palmas Carrefour Espainiako zuzendari exekutiboarekin bilduko dira gaur, osteguna, oinarrizkotzat jotzen dituzten elikagai batzuen prezioari muga jartzeko proposamena aztertzeko. Besteak beste, arrautzak, ogia edo esnea mugatuko lirateke.

Frantziako enpresa banatzaileak iragarri du, hain zuzen ere, 30 produktuko oinarrizko saski bat jarriko duela salgai, elikagaiekin eta garbitzeko produktuekin, 30 euroan, erosteko ahalmenaren murrizketa arintzeko.

Lehen bileraren ostean, presidenteordeak astelehenean banatzaile handiekin eta kontsumitzaileen elkarteekin hitz egiten jarraituko du, akordio baten bila.

"Ez dut inoiz prezioen esku hartzeaz hitz egin, banatzaileen eta kontsumitzaileen elkarteen arteko akordio baterako neurri desberdin batez baizik, erabat legezkoa den zerbait egiteko. Frantzian egin dute eta funtzionatu du", azpimarratu du Diazek.

Presidenteordeak aitortu du oraindik ez duela gaia modu formalean jorratu patronalarekin eta sindikatuekin, eta ekoizleak ere kontuan hartzeko beharra azpimarratu du. Enpresek eta kontsumitzaileek egoerak eskatutako maila emango dutela uste du. "Inoiz ez dut aldebakarreko mugei buruz hitz egin, akordioei buruz baizik", azpimarratu du.

Bestalde, Carrefourrek "oinarrizko" saski bat jarriko du salgai irailaren 12tik urtarrilaren 8ra, 30 euroren truke, gosaltzeko produktuekin, kontserba elikagaiekin, pastarekin, olioarekin eta kafearekin, eta drogeriako, garbiketako eta lurringintzako produktu batzuekin.

"Egungo egoerak neurri arinak eta eraginkorrak eskatzen ditu. Une honetan, erosketa bakoitza inoiz baino baliotsuagoa den honetan, Carrefourrek erantzuna ematen die bezeroei: Espainiako familien erosteko ahalmena babestuko duten aurrezteko irtenbideak eskaintzeko lanean ari gara", iragarri du banatzaileak.

Patronalak uko egin dio prezioen mugari, interbentzionista delako

Antonio Garamendi Espainiako patronalaren presidenteak Gobernuaren proposamena errefusatu du. "Ezin gara prezioen esku hartzearekin ados egon. Honek Sobietar Batasuneko programazio baten antza du. Orain ikusiko dugu prezioa aldatu behar ditudan merkatuko produktuak 20, 30 edo 50 diren", esan du Garamendik.

Patronalaren buruzagiaren ustez, "dena" arautu nahi bada, azkenean "esku hartutako ekonomia bat, esku hartutako estatu bat eta askatasunik eza" izaten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Yolanda Diaz Erosketa saskia