Ekonomia -

Paterolioa

LPEEk eta Errusiak petrolio-horniketa murriztuko dute, egunean 100.000 upel gutxiago eskainiz

Astelehenean adostu dute; izan ere, mundu-mailako ekonomian etenaldia egonez gero, petrolioaren eskaria murriztuko delakoan daude.

Petrolioa erauzteko instalazio bat. EFE
Petrolioa erauzteko instalazio bat. EFE
Petrolioa erauzteko instalazio bat. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) 13 herrialdeek, Saudi Arabia buru, eta petrolioa esportatzen duten beste 10 potentziak, tartean Errusia, osatzen duten LPEE+ aliantzak petrolio-horniketa murriztea adostu du astelehen honetan; hain zuzen ere, egunean 100.000 upel gutxiago eskainiko ditu LPEE+ erakundeak, urriaren 1etik aurrera. Mundu-mailako ekonomian etenaldia egonez gero, petrolioaren eskaria murriztuko delakoan daude, eta horregatik hartu dute erabakia erakunde horretan dauden herrialdeek.

Ondorioz, petrolioaren arloko ministroek indargabetu egin dute aurreko bileran hartutako neurria; izan ere, abuztuaren 3an, hitzartu zuten ponpaketa handitzea, irailerako.

Ministroek adostu dute "2022ko abuztuko ekoizpen-maila berreskuratzea", eta gogora ekarri dute "soilik irailerako" zegoela aurreikusita egunean 100.000 upel gehiago eskaintzea. Oharra argitaratu dute, horren berri emateko.

Barne batzorde baten ostean egin dute bilera birtuala, Errusiak Ukraina inbaditzeak merkatu energetikoetan eragindako tentsio gero eta handiagoen erdian. Europak egoera bereziki zaila du, gas-horniduraren gaineko zalantza handiak baitaude negu bezperetan, batez ere Moskuk Europar Batasunarekin pultsua areagotu, eta Nord Stream 1 gasbidearen bidezko hornidura eten ostean, akats tekniko bat argudiatuz. Gazprom errusiarrak ostiralean iragarri zuen neurria, G7ko potentziek Errusiako petrolioaren prezioari muga bat ezartzeko asmoa berretsi eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiako gasarekin gauza bera egitea proposatu eta gero.

Ekainean 120 dolarrera iritsi ostean, petrolioaren prezioa % 20 baino gehiago jaitsi zen; ostiralean, baina, goranzko joerara itzuli zen, eta astelehen goizean % 2,3 igo da, LPEE+eko 23 herrialdeek eskaintza jaisteko aukeraren aurrean.

Petrolioaren prezioaren goranzko joera gailendu zaie beherantz jotzen duten presioei. Azken horiek, honako hauek eraginda: alde batetik, Iranek bere programa nuklearrari buruzko akordioa berraktibatuz gero, petrolio gehiago saltzeko aukera; eta, bestalde, munduko ekonomiaren geldialdiak, eta horren ondoriozko petrolio eskaera-murrizketak.

Zenbait iturriren arabera, azken bi hilabeteetan, elkartearen ponpaketa bateratuak ezarrita dauden ekoizpen helburuak baino 3 milioi upel gutxiago ekoitzi ditu egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Gas naturala Errusia-Ukraina gerra