Ekonomia -
CAF
CAF taldea aukeratu dute Bostonerako 102 metro arin eraikitzeko, 811 milioi euroko aurrekontuarekin
Oinarrizko kontratuak AEBetako hiriko Green Line-an zirkulatuko duten 102 ibilgailuen fabrikazioa barne hartzen du, baita beste ekipo eta zerbitzu batzuk ere. CAF Taldeak hirirako egingo duen bigarren proiektua da.
Agentziak | EITB Media
The Massachusetts Bay Transportation Authority (MBTA) erakundeko zuzendaritza kontseiluak adostu du CAF USAri esleitzea Boston hiriko (AEB) Green Line linearako 102 LRV metro arin hornitzeko proiektua, 811 milioi dolarreko (811 milioi euro) aurrekontuarekin.
Oinarrizko kontratuaren barruan daude 102 ibilgailuen fabrikazioa, gidatzeko bi simulazio, parkeko piezak, tresna bereziak eta hornitutako ibilgailuen probetarako ekipoak, baita hiru urterako berme zerbitzua ere. Halaber, kontratuak ibilgailu eta ekipamendu gehigarriak erosteko aukera jasotzen du, eta MBTAk datozen bi urtetan gauzatu ahal izango du.
CAF Taldeak jakinarazi duenez, MBTA Boston inguruan garraio publikoaren zerbitzu gehienak operatzeko erantzukizuna duen agentzia publikoa da, eta CAF Taldeak hirian egingo duen bigarren proiektua da, 2014an MBTAk CAF USAri esleitu baitzion Type 9 gisako 24 LRV fabrikatzea. Egun, Green Line linea horretan bertan daude ibilgailuak martxan.
Lineak 30 kilometro baino gehiago ditu eta lau adarretan dago banatuta. Massachusettseko hiriburuan eraiki zen lehen linea da eta zati batzuk XIX. mende amaierakoak dira. Amerikako Estatu Batuetako lur azpiko lehen linea da.
Type 10 izeneko unitate berriek egun linean dauden Type 7 eta 8 motakoak ordezkatuko dituzte. Zazpi modulu izango dituzte, % 100 zoru baxukoak izango dira eta mugikortasun murriztua duten bidaiarientzako eremuak izango dituzte. Hala, ibilgailuaren gaitasuna eta irisgarritasuna handituko da.
CAFek urteak daramatza AEBetako merkatuan. Instalazio produktiboa du New York estatuko Elmira udalerrian eta hainbat proiektu garatu ditu herrialdean, hala nola Washingtongo metrorako hornitutako 96 unitateak, Amtrak operadorearentzako bidaiarien 130 kotxeak, Kansas City eta Cincinnati hirietako tranbiak eta Houston, Sacramento, Pittsburgh eta Bostonerako LRVak.
Egun Kansas City hiriko tranbia sarea handitzeko unitate berrien hirugarren eskarian eta Maryland hirirako LRVen proiektuan murgilduta dago CAF. Azken proiektu horren barruan 26 LRV fabrikatuko dira Purple Line linearako, eta 30 urtez sistemaren operazioa eta mantentze lanak kudeatzeko erantzukizuna ere barne hartzen du.