Ekonomia -

KPI

KPIa lau hamarren jaitsi da abuztuan, % 10,4ra

Batez ere, erregaien kostu txikiagoagatik jaitsi da inflazioa. Azpiko inflazioa (landu gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabekoa), ordea, hiru hamarren hazi da abuztuan, % 6,4raino, 1993ko urtarriletik izan duen baliorik altuenera.

Jendea Bilboko kaleetan.
Jendea Bilboko kaleetan.
Jendea Bilboko kaleetan.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) hamarren bat igo da abuztuan aurreko hilaren aldean, baina urte arteko tasa lau hamarren jaitsi da, % 10,4raino. Hala ere, 30 urtean izandako mailarik altuenetan mantentzen da, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan argitaratutako datu aurreratuen arabera.

Abuztuko datua datorren hilaren erdialdean baieztatu beharko du INEk. Halere, gaur argitaratutako datua joan den uztailean baino lau hamarren txikiagoa da, orduan KPIa % % 10,8an kokatu baitzen, mailarik altuena 1984ko irailetik.

Azken hilabeteetako goranzko joera eten du jaitsiera honek. Izan ere, aurreko hilabeteetan, urte arteko tasak gora egin zuen % 8,7, maiatzean; % 10,2, ekainean eta % 10,8, uztailean. Abuztuan, alabaina, bi digitu ditu inflazioak hirugarren hilabetez.

INEren arabera, urte arteko KPIa % 10,4ra jaistearen arrazoi nagusia erregaien prezioen jaitsiera da, eta, neurri txikiagoan, erregai likidoen prezioen jaitsiera. 

Aldiz, abuztuan gora egin zuten elektrizitatearen (goia jota daude 'salbuespen iberikoa' indarrean sartu zenetik), elikagaien, ostalaritzaren eta pakete turistikoen prezioek, besteak beste.

Hilabete arteko konparaketari dagokionez, abuztuko datua uztailekoarekin alderatuz, hamarren bat igo da. Uztailean, aldiz, hiru hamarren egin zuen atzera, eta urtebete lehenago, % 0,5 egin zuen gora.

KPIaren datuen aurrerapenean azpiko inflazioaren estimazio bat ere sartu du INEk. Azpiko inflazioa kalkulatzeko, kanpo uzten dira landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak. Bada, indize hori hiru hamarren igo da abuztuan, % 6,4raino, 1993ko urtarriletik izan duen baliorik altuenera. Horrela, azpiko inflazioa KPI orokorraren tasa baino 4 puntu beherago dago.

2022ko zortzigarren hilabetean, Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuak (KPIH) urte arteko tasa % 10,3koa izan zuen, aurreko urteko hil berean baino lau hamarren txikiagoa. Bestalde, behin behineko datuaren arabera, KPIHa hamarren bat igo da uztailetik.

INEk datorren irailaren 13an argitaratuko ditu abuztuko KPIaren behin betiko datuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
KPI albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Elektrizitatea