Ekonomia -

BALANTZE EKONOMIKOA

Ukrainako gerraren ondorioak, sei hilabeteren ostean: inflazioa goraka eta ekonomia atzeraka

Ukrainako gerrak testuinguru ekonomikoan nolako eragina izan duen aztertu dugu. Prezioak etengabe ari dira garestitzen; garapenaren, hazkundearen eta ongizatearen adierazleek, berriz, behera egin dute.

Jendea Donostiako Parte Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea Donostiako Parte Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea Donostiako Parte Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur sei hilabete hasi zen Ukrainako gerra eta gatazka horren ondorio nagusiak bi izan dira Espainian: prezioen etengabeko gorakada eta ekonomiaren atzeraldia. Halaber, ziurgabetasun ekonomikoa Europa osora hedatu da.

Adierazle makroekonomikoek erakusten dute Barne Produktu Gordinak (BPG), oraingoz, eutsi egiten duela, baina udazkena gogorra izango dela aurreikusten da. Enpleguari dagokionez, lanpostu berriak sortzeko prozesua moteltzen hasi da orain.  

Inflazioak, berriz, gorako joeran dago eta duela 40 urteko markak hautsi dira.

Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 10,8raino iritsi zen uztailean, ekainean baino sei hamarren gehiago. 1984ko irailetik ez zen horrelakorik gertatzen. Igoera historiko hori argindarraren prezioaren garestitzeak eragin zuen: argiaren prezioa bikoiztu egin baita 2021eko uztaileko datuekin alderatuta.

Batez ere produktu energetikoak (% 41,4) garestitu dira, baina baita turismoari lotutako zerbitzuak ere, hala nola hotelak eta ostatuak (% 33,8), nazioarteko hegaldiak (% 21,6) edo eskaintza turistikoak (% 17,9).  

Azpiko inflazioa -elikagai freskoak eta energia kontuan hartzen ez duena-, berriz, % 6,1ekoa da, 1993tik altuena.

BPG eta kontsumitzaileen konfiantza

Apirila eta ekaina bitartean, ekonomiak % 1,1eko susperraldia izan zuen, etxeetan gehiago kontsumitzen zelako, prezioak garestiak izan arren.

Urteko lehen hiruhilekoan, baina, familien kontsumoak behera egin zuen, covid-19aren seigarren olatuaren eta Ukrainako gerraren hasieraren eraginez, eta BPGa bat-batean % 0,2ra jaitsi zen, aurreko bi hiruhilekoetan % 2an egon ostean.   

Uztailean berriro egin zuen behera kontsumitzaileen konfiantzak, testuinguruagatik eta hurrengo sei hilabeteetako aurreikuspen ekonomikoa txarra zela ikusita.

Kontsumitzaileen konfiantzaren adierazlea 55,5 puntutan zegoen uztailean, ekainean baino 10,4 puntu beherago, ikuspegia positiboa dela adierazten duen 100 puntuetatik oso urrun.

Erosketa indizea sektore pribatuan

Bestalde, Espainiako zerbitzuen sektorean jarduerak gora egin zuen uztailean, baina ekainean baino motelago eta espektatiba ziurrik gabe, prezioen garestitzea dela eta.

S&P Global konpainiak egindako indizearen arabera, enpresa pribatuen jarduera 53,8 puntutan kokatu zen uztailean. 50 puntu baino gutxiago izanez gero, atzeraldian sartu dela ulertzen da.

Hain justu ere, manufaktura-sektorean maila negatiboan dago uztailaz geroztik, 48,7 puntu lortu baitu, inflazioaren eta ziurgabetasun ekonomikoaren ondorioz.  

Langabeziak behera egin du, baina baita afiliazioak ere

Langabezia-tasa % 12,48ra murriztu zen Espainian -% 8,7ra Hego Euskal Herrian- urteko bigarren hiruhilekoan, 2008tik daturik onena, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.

Alabaina, Gizarte Segurantzak 7366 afiliatu galdu zituen uztailean. 2001etik ez zen galerarik ematen.

Gauzak horrela, lanean dauden pertsonak 20,34 milioi dira Estatuan; 2,88 milioi lagun, berriz, Enpleguaren Zerbitzu Publikoko bulegoan erregistratuta daude, Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera.  

Argindarraren eta erregaiaren prezioak

Argindarraren prezioa asteazken honetan 436,25 eurokoa da megawatt orduko, preziorik altuena Espainiako Gobernuak gasaren garestitzeari ezarritako muga indarrean dagoenetik.

Marka guztiak, baina, martxoaren 8an hautsi ziren: 544,98 euro ordaindu behar ziren megawatt orduko.

Gasolina eta gasolioaren prezioak, aldiz, jaitsi egin dira azken bi hilabeteotan, eta Gobernuak ematen duen 20 zentimoko laguntzarekin, kontsumitzaileek arnas pixka bat hartu ahal izan dute.

Joan den asteko datuen arabera, Espainian gasolina litroa bataz beste 1,597 eurotan dago eta gasolio litroa, 1,066 eurotan.

Prezio horiek abuztuan inoiz eman diren altuenak badira ere, % 18 eta % 15 merkeagoak dira, hurrenez hurren, uda hasierakoekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Errusia-Ukraina gerra Gasolioaren prezioaren igoera