Ekonomia -

Turismoa

Turismo jasangarria aldarrikatuta, Donostian tasa turistikoa ezartzearen alde egin du EH Bilduk

Donostia bisitatzen duten pertsonen kopurua goraka egiten ari dela eta, EH Bilduk ohartarazi du ez dagoela hiririk urtero % 10 eta % 20 arteko igoera iraunkorra jasan dezakeenik. Hortaz, premiazkotzat jo du neurriak hartzea.

Turistak Kontxako pasealekuan. Artxiboko argazkia: EFE
Turistak Kontxako pasealekuan. Artxiboko argazkia: EFE
Turistak Kontxako pasealekuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako EH Bilduk adierazi du turismo-eredua birplanteatzeko unea iritsi dela eta berretsi egin du Gipuzkoako hiriburuan tasa turistikoa ezartzearen alde dagoela, baina, aldi berean, azpimarratu beste hainbat neurri hartzea ezinbestekoa dela.  

Eustatek turismoari buruz gaur publikatutako datuen arabera, uztailean Donostian izan diren bisitarien kopuruak % 22,8 igoera izan du, 2019arekin alderatuta.

Koalizio soberanistaren iritzian, "Eneko Goiaren gobernu taldeak ezarritako turismo-ereduak porrot egin du" eta "180 graduko norabide aldaketa" premiazkoa da. "Neurri zehatzak behar dira, anbiziokoak, une honetan Donostia dagoen lekutik igaro diren beste hiriek izandako esperientziatik ikasiz", azpimarratu du ohar batean.

EH Bilduk uste du ez dagoela hiririk "urteko % 10 eta % 20 arteko igoera iraunkorra jasan dezakeenik", eta, ildo horretan, ohartarazi du joera hazten jarraitzea dela, "datozen hilabete eta urteetan milaka turismo-plaza gehiago irekiko baitira Donostian".

Turisten sarreraren "hazkunde mugagabea" aukera bat ez dela nabarmenduta, Donostiako Turismo Plan Zuzentzailea eguneratzeari buruzko eztabaida "orain arte gaizki egin dena zuzentzeko" baliatzeko deia egin die EH Bilduk alkateari eta gainerako taldeei.

Gauzak horrela, koalizioak tasa turistikoa ezartzearen alde dagoela berretsi du, baina ezarpena progresiboa izan behar dela adierazi du, "gehien duenak gehiago emateko" eta, beraz, establezimenduaren "izarrengatik" kobratu beharko litzatekeela.

Bildutako diruari dagokionez, "turisten sarrera neurrigabe horrek eragiten duen zerbitzu publikoen (zaborrak, mantentze-lanak, udaltzaingoa, garbiketa...) kostuaren igoera ordaintzeko" eta "turismo-eredu jasangarria eraikitzeko" baliatu beharko litzatekeela uste du EH Bilduk, "eta ez ad infinitum hiriko turismoa sustatzen jarraitzeko".

"Egun hauetan alkateak egindako turismo tasaren defentsa erretorikoa antzua izango da neurri zehatzekin lagunduta ez badator", erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Turismoa Euskadi Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika