Ekonomia -
Gasa
EB gas-stock onarekin sartuko da negura, dio Borrellek: "Biltegiratzea oso ondo doa"
Europako Batzordeko presidenteorde eta Europar Batasuneko Atzerriko eta Segurtasun Politikako Goi Ordezkariak astelehen honetan adierazi duenez, biltegiratze-plana, oraingoz, "aurreikusitako egutegitik gora" dago.
EITB MEDIA
Josep Borrell Europako Batzordeko presidenteorde eta Europar Batasuneko Atzerriko eta Segurtasun Politikako Goi Ordezkariak astelehen honetan ziurtatu duenez, neguari begira gasa biltegiratzeko Bruselak zehaztutako plana, "oraingoz, oso ondo doa, aurreikusitako egutegitik gora". Hortaz, haren iritziz, Europa gas-stock onarekin sartu ahalko da negura.
EBren planaren arabera, gas-erreserbak % 80koak izan beharko dira 2022ko azaroaren 1ean, eta, Borrellek 'Quo vadis Europa?' ikastaroaren testuinguruan Santanderren emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, "orain, stock-mailak % 70etik gora daude, eta herrialde batzuetan % 80ra ere iritsi dira.
"Espainiak Europa osoak gasa biltegiratzeko duen gaitasunaren % 40 du, eta % 80an dago", azpimarratu du, "eta, beraz, prozesua ondo doa". Onartu egin du, baina, "dena txorrotaren araberakoa" dela: "Txorrota irekita dagoelako betetzen ditugu gordailuak. Ez dago guztiz irekita; izan ere, une honetan, gaitasunaren % 20 ari gara jasotzen, eta Errusiak iragarri du hiru egunez etengo duela hornidura, baina badirudi neguan stock-maila onarekin sartu ahalko garela".
Borrellek azpimarratu du EBk Errusiako gasaren garrantzia erdira murriztu duela; hain zuzen ere, kontsumoaren % 40tik, egungo % 20ra.
Aurrezte-politika
Europako Batzordeko presidenteordeak ohartarazi du, baina, horrek ez duela esan nahi aurrezte-politikari eta kontsumoa murrizteari utzi behar zaiela; izan ere, hori, bere ustez, herritarrentzako deia da, "eta Europako gobernu guztiek egin beharko lukete dei hori. Guztioi eragiten digu. Bakoitzak bere zati txikia eman behar du, zati txiki askok aldea zehaztu ahal dutelako", aldeztu du.
Hala, haren esanetan, negua "ederki" igaro ahalko da, murrizketekin ere: "Doitzeak egin litezke, behera, baita neurriak ere, ibilgailuen abiadura mugatzea esaterako, baina hori ez da munduko amaiera", adierazi du.