Ekonomia -
EUSTAT
Euskadiko hotel establezimenduek pandemia aurreko okupazio-mailak gainditu dituzte uztailean
Hain justu, hoteletarako sarrerak % 31 gehitu dira Euskadin eta gaualdiak % 34,8, Eustatek argitara eman dituen datuen arabera. Jatorri atzerritarra duten pertsonen egonaldiak nabarmen hazi dira.
EITB MEDIA
2022ko uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako sarrerak % 31,2 gehitu dira eta gaualdiak % 34,8 urte artean, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak berri eman duenez.
Guztira 383.186 sarrera gehiago izan dira, eta 766.020 gaualdi. 2019ko uztailean, pandemiaren aurretik, zifra horiek txikiagoak izan ziren: 328.080 sarrera eta 692.414 gaualdi.
Turisten eta gaualdien ia erdiak atzerritarrak dira (zehazki, % 49,6 eta % 50,3), eta horrek nabarmen hobetzen ditu 2021eko uztaileko ehunekoak, herrialde askotan mugikortasun-murrizketak baitzeuden oraindik pandemiaren eraginez, eta horrek eragin handia izan zuen nazioarteko turismoan.
Horrela, kanpoko bisitarien etorrerak % 97,2 egin du gora, duela urtebete baino % 118,9 gehiago. Estatuko turisten sarrerak eta gaualdiak, berriz, zertxobait jaitsi dira ( % 1,4 eta % 3,0, hurrenez hurren).
Sarrerak eta gaualdiak nabarmen gehitu dira hiru lurralde historikoetan
2022ko uztaileko hotel-establezimenduetako sarreren % 13,5 Araban izan dira, % 45,4 Bizkaian eta % 41,1 Gipuzkoan. Aurreko urteko hil beraren aldean, sarrerak eta gaualdiak nabarmen gehitu dira hiru lurralde historikoetan.
Hiriburuei erreparatuz gero, urte arteko datuak kontuan hartuta, sarrerak % 47,5 igo dira Bilbon, % 27,9 Gasteizen eta % 22,8 Donostian. Antzera, gaualdien hazkundea % 47,3koa izan da Bilbon, % 35,8koa Donostian eta, azkenik, % 32,5ekoa Gasteizen.
Batez besteko egonaldia 2 egunekoa izan zen, 2021eko uztaileko 1,95 egunen gainetik, eta hotel-plazen betetze-maila % 72koa, aurreko urteko hilabete berean baino % 14,4 handiagoa.
Hotelen eguneko batez besteko tarifa 150,22 eurokoa izan zen Gipuzkoan, 97,29 eurokoa Bizkaian eta 83,74 eurokoa Araban. Hiriburuka, aldeak handiagoak dira: 193,86 euro Donostian, 107,15 euro Bilbon eta 70,50 euro Gasteizen.
"Euskadi turismoaren susperraldiaren buruan dago"
Next Generation Funtsen baitan Eskualdean zein Lekeitioko udalerrian bultzatutako proiektuen berri emateko Lekeitiora egindako bisitan Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok adierazi duenez, "Euskadi turismoaren susperraldiaren buruan dagoela baieztatzen dutela datuok".
Halaber, adierazi du lanean jarraituko dutela "gure baliabideak hobetzeko, administrazio guztiekin jarduera partekatuak egiteko eta Euskadirentzat hain garrantzitsua den sektore bat izaten jarraitzeko, non 100.000 familiak baino gehiagok lan egiten duten".