Ekonomia -
KPIa
Espainiar Estatuko KPIa % 10,8an kokatu da, azken 38 urteetako tasarik altuenean dagoela baieztatuta
Euskadin, urte arteko behin betiko KPIa % 10,5ekoa da, eta prezioek % 0,1 egin dute behera ekainarekin alderatuta. Urte arteko KPIan izandako igoeraren arrazoia da, bereziki, etxebizitzak, garraioa eta elikagaiak garestitu egin direla.
EITB MEDIA
2022ko uztaileko urte arteko behin betiko KPIak, KPI aurreratuak adierazitakoa baieztatuta, espainiar Estatuko inflazioa % 10,8an kokatu du. Azken 38 urteotako tasarik altuena da, hain zuzen ere 1984ko irailetik izandako altuena. Hego Euskal Herrian, Euskadik % 10,5 markatu du, Estatuko batezbestekotik apur bat behera, eta prezioak % 0,1 jaitsi dira ekaineko datuarekin alderatuta; Nafarroan, baina, datua espainiar Estatuko batezbestekoa baino altuagoa da, % 11,4koa hain zuzen.
Hala, espainiar Estatuan, inflazioa % 10,8ra igo da uztailean. Estatistikako Institutu Nazionalak uztailaren 29an aurreratutako tasa bera da. Aurreko hilabeteko datuari erreparatuta, sei hamarren egin du gora; 1984ko irailetik hona, daturik altuena da.
Uztaileko gorakada zenbatuta, inflazioak bi hilabete daramatza % 10etik gora; izan ere, ekainean % 10,2koa izan zen. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, uztailean, % 10,8an kokatu da; izan ere, etxebizitzak, jantziak, oinetakoak, elikagaiak eta edari ez alkoholikoak igo dira.
Testuinguru horretan, etxebizitzaren prezioak lau puntu egin du gora urte arteko datuari erreparatuta, argindarra eta, ez horrenbeste, gasa garestitu egin direlako. Ekaineko datuekin alderatuta, etxebizitza % 2,6 igo da.
Jantziak eta oinetakoak bi puntu eta erdi baino gehiago igo dira ekaineko datuekin alderatuta, eta urte arteko gorakada % 5ekoa da. Elikagaiek eta edari ez alkoholikoek serie historikoa hasi zenetik mailarik altuena hartu dute (1994ko urtarriletik), % 13,5era igoz; ekainetik, sei hamarren igo da indizea. Estatistikako Institutu Nazionalak azaldu duenez, haragia eta esnea, gaztak, arrautzak, ogia, zerealak, lekaleak eta barazkiak dira igoera horren arrazoi nagusiak.
Halaber, azpiko inflazioa, hau da, elikagai ez landuak eta produktu energetikoak kontuan izan gabe jasotakoa, sei hamarren igo da uztailean, % 6,1eraino. 1993ko urtarriletik izandako mailarik altuena da.
2022ko ekaineko eta uztaileko datuak alderatuz, KPIa % 0,3 jaitsi da.
Hego Euskal Herrian, Euskadiko urte arteko KPIan izandako gorakadaren arrazoia da, bereziki, etxebizitza, garraioa eta elikagaiak garestitu egin direla. Estatistikako Institutu Nazionalak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera, uztaileko urte arteko tasan 0,9 puntuko gorakada jaso da, kontuan izanik ekainekoa % 9,6koa izan zela.
Nafarroak, aldiz, espainiar Estatuko igoerarik handiena izan du KPIan Estatu espainiarrean ekainetik; izan ere, 1,2 puntu igo da.