Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Bilboko metroko langileak "kezkatuta" daude jaien itzulerarekin erasoak "areagotu" egin direlako
Egoitz Laka langileen batzordeko presidenteak azaldu duenez, hiru aldarrikapen dituzte: batetik, gizartean pedagogia egitea; bigarrenik, langileei segurtasun juridikoa ematea erasoak salatzeko orduan, eta hirugarrenik, enpresa akusazio partikular gisa aurkeztea auzietan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Egoitz Laka Bilboko metroko langile batzordeko presidenteak aitortu duenez, beharginak "kezkatuta" daude jaien itzulerarekin euren kontrako erasoak "areagotu" egin direlako. Azaldu du erasoak "beti" egon direla, baina pandemia ostean jaiak itzuli diren honetan, "areagotu" egin dela joera hori; azken 20 egunotan bi eraso izan dira, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketa labur batean, Lakak erasoen kontrako pedagogia sozial gehiago eskatu du, eta Espainiako Gobernuak salaketa aurkezten duten langileei segurtasun juridikoa eman beharko liekeela uste du (orain, salatzailearen izen-abizenak ageri dira salaketan, erasotzailearen eskura). Gainera, auziotan enpresa akusazio partikular gisa aurkeztea ezinbestekotzat jo du. Hiru baldintzok beteta, "nahikoa" izango litzatekeela erantsi du, izan ere, horren esanetan, "segurtasun aldetik Estatuan baliabide gehien dituen garraiobideetako bat da Bilboko metroa".
Langileen ordezkariaren arabera, erasoak ez dira beti gauetan gertatzen, eta, berbarako, azken bi erasoak goizeko txandan jazo direla zehaztu du. "Parrandatik bueltan, baten bat billete barik doanean kargu hartu behar diogu, eta liskarrak sortzen dira", argitu du. Geltokiak segurtasunean eragina duela ere nabarmendu du, eta Getxoko Gobela geltokia jarri du adibidetzat: "Geltoki txikia da, eta bakar-bakarrik zaude".
Azkenik, Bilboko Aste Nagusia ate joka dagoela eta, Lakak azaldu du ez daudela horrekin bereziki arduratuta, egun horietan "plantilla osoa baitago lanean".