Ekonomia -
ELA
"Pobretuko direla onartu behar dute beren borondatez langileek, eta hori iraingarria da"
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "KPIaren araberako igoerak egin ezin izatea onartezina da, euskal enpresen irabazi historikoak ezkutatzen ari direlako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "lotsagarriak eta iraingarriak" dira Confebaskek proposatutako soldaten igoera txikiak, eta KPIaren araberako igoerarik ez onartzea. "Errenta orekatuaren ituna" defendatzeari buruz, patronala "alferrik" dabilela gaineratu du Lakuntzak. Gainera, Eusko Jaurlaritzari lan gatazketan esku hartzeko eskatu dio langileen "pobrezia" saihesteko, eta gaineratu du, bitartean, sindikatuek "grebei" ekingo dietela.
Europa Pressi eskainitako elkarrizketan Lakuntzak adierazi duenez, LAB parte-hartzerako erakundeetako organoetara itzuli izana "oso albiste txarra da", eta EH Bilduren "homologazio instituzionalaren bide beretik" doala esan du.
Lakuntzak salatu duenez, "euskal patronalen erabakia da negoziazio kolektiboa blokeatzea eta akordioak lortzeko gauzak zailtzea, eta, gainera, gutxieneko oinarri demokratikoa falta da", Gipuzkoako adinekoen egoitzetako gatazkari aipamena eginda (ordezkaritzaren % 7 duen UGTk akordioa sinatu duelako).
Buruzagi sindikalaren iritziz, "inflazioaren ondorioz pobretuko direla onartu behar dute beren borondatez langileek: hori da Confebasken mezua; hau da, euren soldaten defentsari uko egitea, eta hori lotsagarria eta iraingarria da". "KPIaren araberako igoerak egin ezin izatea onartezina da, euskal enpresak irabazi historikoak izaten ari direlako, eta hori ezkutatzen ari dira", salatu du.
"Jaurlaritzak patronala deitu beharko luke blokeo horri buruzko jarreraz hausnartzera, eta erantzukizuna eskatu", gaineratu du.
"Gezur piloa"
Lakuntzak adierazi duenez, Confebask errenten itun orekatuaren inguruan mintzatzen denean, "oreka bakarra haientzat da soldata igoerari uko egitea, baina alferrik dabiltza".
Soldata igoerak arriskuan jar dezake enpresen etorkizuna, Confebasken arabera, baina horri buruz Lakuntzak esan du "gezur piloa" direla. "Enpresa askoren mozkin lotsagarriak dira gizarte osoaren etorkizuna arriskuan jartzen dutenak", azpimarratu du, tartean, Repsol eta Iberdrola aipatuta.
Amaitzeko, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak esandako "grebak uzteari" erreferentzia egin dio buruzagi sindikalak. "Jaurlaritza eta Aldundiak ezer egiten ez duten bitartean, negoziazio kolektiboa eta greba da langileoi geratzen zaigun bakarra", aurpegiratu dio Rementeriari.