Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Tapia: "Euskadin badugu energia aurrezteko gure plana; arduran oinarritu gaitezen, ez neurri efektibistetan"
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren iritzian, larrialdi energetikoari aurre egiteko neurriek epe luzerako behar dute izan eraginkorrak. Adibideak jarri ditu: "Hobe da leihoak aldatzea, termostatoarekin ibiltzea baino; edo ledak jartzea".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren ustez, atzo Espainiako Gobernuak energia aurrezteko aurkeztutako neurriak "efektibistak" dira, eta, horren aldean, Euskadik "bere plana" duela azpimarratu du. "Arduran oinarritu gaitezen, ez neurri efektibistetan", aldarrikatu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Sanchezen exekutiboak iragarritako neurrien balorazioa egin du sailburuak. Azaldu duenez, Jaurlaritzak, Eudelek eta Foru Aldundiek hainbat neurri adostu zituzten joan den ostiralean, eta, irailean, instrukzio bezala sartuko dira indarrean. Ildo horretatik, EAEkoak Espainiak ezarritako neurriez "harago" doazela adierazi du Tapiak, eta hainbat adibide jarri ditu: "Ez da gauza bera ospitale batean, non gaixoak dauden, edo eskola batean edo komisaldegi batean neurriak hartzea (...) neurriek epe luzekoak izan behar dute, ez momentu jakin baterako. Argiteriari dagokionez, hobe da ledak jartzea; eta termostatoarekin ibiltzea baino, hobe leihoak aldatzea".
Neurriak ez betetzeagatik iragarritako isunen harira, sailburuak uste du euskal gizartea "adinez heldua" dela, eta badakiela arduraz jokatzen. "Ez da isunen bitartez konpontzen, guk arduran sinesten dugu", erantsi du.
Ukrainako gatazkaren ondorioz suerta litekeen gas eskasiari buruz, Tapiak aitortu du "inork ezin duela esan neguan hornidura bermatuta izango dugun". "Baliabideak ondo ditugula? Ba bai Metatuta badugula? Bai, baina negua luzea da; prestatu gaitezen", nabarmendu du.
Azkenik, Jaurlaritzak energia berriztagarrien proiektu jakin batzuetarako ingurumen eraginaren prozedurak azkartzeko erabakiaz mintzatu da sailburua. Ekologisten kritikei erantzunez (babes maila txikituko dela diote), Tapiak azpimarratu du prozedura azkartzeak ez duela "erlajaziorik" ekarriko; "ez da maila jaitsiko, babesa berdina izango da". Gogorarazi duenez, neurria martxoan onartutako errege dekretu baten ondorioa da, Jaurlaritzak "Euskadira ekarrita" moldatu duena.