Ekonomia -
Kontsolidazioa
ELAk bide juridikoari ekin dio egonkortze prozesuetako plazak handitzeko
ELAren ahotan, Eusko Jaurlaritzak "gardentasunik gabe" jokatu du, "alde bakarrez, sindikatuei bizkarra emanez, egungo behin -behinekotasun tasa altuak betikotzeko borondate argia erakutsiz".
EITB Media
ELAk bide juridikoari ekin dio Eusko Jaurlaritzak onartutako egonkortze/kontsolidazio prozesuetako plazak handitu ditzan.
Ohar batean azaldu duenez, sindikatuak uztailaren 22an aurkeztutako helegitearen helburua da jakitea zein lanpostuk betetzen dituzten egonkortuak izateko baldintzak, eta, horrela, eskainitako plazak zabaltzea, "prekaritatearekin amaitzeko eta behin-behinekotasuna %8ra murrizteko".
Eusko Jaurlaritzak hainbat sektoretan (Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak edo Justizia) onartutako plazen azterketa egin ondoren hartu du erabakia ELAk.
Eusko Jaurlaritzak 2022rako lan eskaintza publikoa onartu ondoren, sindikatuak maiatzean ohartarazi zuen eskainitako 9.000 plaza inguru horiek "ez zirela nahikoa", ez Eusko Jaurlaritzako 45.000 langile publikok jasaten duten behin-behinekotasunarekin amaitzeko, "ez Iceta Legeak eta Europak ezarritako %8ko behin-behinekotasunaren langa betetzeko ere".
ELAren ahotan, Jaurlaritzak sindikatuekin "negoziatu behar du" eta kontsolidatu behar ditu behintzat hiru urte baino gehiagoz behin-behinean jarraian jardunean izan diren lanpostuak, baina hori egin ordez, horrela "gardentasunik gabe" jokatu du.
"Sistematikoki uko egin dio informazioa eta dokumentazioa sindikatuei helarazteari, bai mahai orokorrean, bai mahai sektorialetan", salatu du (Osakidetza, Hezkuntza, Autonomia). "Eusko Jaurlaritzak uko egin dio egonkortze-prozesu horietara atera zitezkeen lanpostuen berri emateari", erantsi du.
Sindikatu abertzalearen hitzetan, "alde bakarrez jardun du, sindikatuei bizkarra emanez. Ez da benetako negoziaziorik egon sindikatuekin. Ez mahai orokorrean, ez mahai sektorialetan, ez du sindikatuekin adostu zenbat plaza edo lanpostu aterako diren prozesu horietara".
"Ondorioz, deialdiak alde bakarrez atera ditu, askoz ere kopuru gutxiagorekin, egungo behin -behinekotasun tasa altuak betikotzeko borondate argia erakutsiz", kritikatu duenez.