Ekonomia -
Neurri berriak
Lehendakariak % 4ko deflaktazioa iragarri du PFEZaren tarifaren tarte guztietan
Urkulluk agerraldia egin du hiru ahaldun nagusiekin inflazioaren eragina murrizteko 250 milioi euroko ahalegin fiskala eskatzen duten sei neurri aurkezteko.
N. B. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, EAEko erakundeek % 4ko deflaktazioa aplikatuko dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) tarifaren tarte guztietan, eta kenkariak ehuneko horretan bertan eguneratuko dituztela gaineratu du, prezioen igoera handiak sortutako egoerari aurre egiteko.
Urkulluk agerraldia egin du ostegun honetan hiru ahaldun nagusiekin, familiei babesa bermatzen, jarduera ekonomikoa suspertzen eta enplegu-aukerak sortzen lagunduko duten sei neurri ekonomikoren berri emateko, pertsonek "poltsikoan diru gehiago" izan dezaten.
"Estatuan, Europan eta mundu osoan bizi den egoeraren eta hartzen diren neurrien jarraipena partekatu dugu. Inoiz baino gehiago, ikuspegi globalek baldintzatzen dituzte gure neurri lokalak", azaldu du lehendakariak.
Egoera horren jakitun, euskal erakundeek adostu dute, alde batetik, PFEZaren tarifaren tarte guztiak % 4 deflaktatzea 2022an. Urkulluk azaldu duenez, zergak batera ordaintzearen eta kuota gutxitzearen ondoriozko murrizketaren zenbatekoak eguneratzen dira, eta kenkariak % 4ko portzentaje berean eguneratzen dira. Esan duenez, deflaktazio hori urte hasieran aplikatutakoari (% 1,5) gehitzen zaio, eta, beraz, guztizko kopurua % 5,5 izango da.
Bestetik, irailetik aurrera, lan-etekinei aplikatu beharreko atxikipenen taula doituko da.
% 4ko deflaktazio berri honen ondorioz, eta neurri batean aurten aplikagarria izan dadin, irailetik lan-etekinen atxikipen-taularen doikuntza onartzen da. Horrela, Urkulluk adierazi du tarifaren deflaktazioa hilabete horretatik aurrera izango dela eraginkorra.
Halaber, aitorpenetan aplikatu beharreko 200 eurorainoko kuota gutxitzea onartu du, 35.000 eurorainoko zerga-oinarri orokorrarekin. Hala, zerga-oinarri orokorra 30.000 euro artekoa duten aitorpenek 200 euroko kuotaren murrizketa aplikatu ahal izango dute.
Laugarren neurriak 11/2022 Errege Lege Dekretuaren ondorioz jasotzen diren 200 euroko laguntza publikoen salbuespena jasotzen du. Era berean, pertsona autonomoak salbuesten dira 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak aurkeztetik. Azken neurriak onartzen du zerga ordainketa zatikatua aurkeztetik salbuestea, betiere 50 milioi baino gutxiagoko bolumena duten enpresentzat.
Lehendakariak argudiatu duenez, neurri horiek 250 milioi euroko "ahalegin" fiskala ekartzen dute. "Horietatik, 140 milioi Pertsona fisikoen Errenta ordaintzen duten pertsona guztiei laguntzeko izango dira. Beste 110 milioi Errenta ordaintzen dutenen artean zaurgarrienak diren pertsonak laguntzeko izango dira", azaldu du.
"Jaurlaritzak eta euskal erakundeek gertutik jarraituko ditugu egoera kritiko horien ondorioak, agertoki globala kontuan hartuta eta hurbileko neurriak adostu, ebaluatu, onartu eta martxan jarriz", gaineratu du.
Ildo horretan, azaldu du administrazioentzako diru bilketaren jaitsiera ez dela "inolaz ere, gizarte-politiken kalterako" izango, eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuak inbertitzaileak izango direla eta gizarte-estaldurak bermatuko dituztela.
Urkulluk uste du neurri horiek egoeraren araberakoak izango direla, egungo egoerari erantzuteko modukoak, eta, ondoren, euskal erakundeek azken erreforma fiskalaren emaitzen "zain" duten azterketa aurrerago egin ahal izango dutela.
Horri dagokionez, bankuei eta elektrizitate enpresa handiei ordaindu beharreko aparteko zerga berriei buruz hitz egin du, eta horien egokitasunari buruzko iritzia emateari uko egin dion arren, horien eduki zehatza jakin arte, onartu du behin horiek ezarrita "hitzarmen-araubidea" aztertu beharko dela Euskadin aplikatzeko eta biltzeko.
Erakundeek gai horietan guztietan "erabateko zorroztasunez" jokatzeko asmoa dutela esan du, eta herritarrei "etorkizunari begira nolabaiteko itxaropena" emateko asmoa dutela, aberastasuna sortzen eta familiak babesten laguntzeko "konpromisoa" dutela erakutsi baitute.
Lehendakariak azaldu duenez, sei neurri horiek "beste urrats bat" dira, eta egoerari "erantzuteko" estrategiarekin bat egiten dute. Hala, gogora ekarri du pandemia hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak 1.569 milioi euro bideratu dituela horren ondorioei aurre egiteko, erdia baino gehiago Osakidetzaren gastu gehigarriak estaltzeko.
Urkulluk honako hauek ere aipatu ditu: 180 milioi euro Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako, 250 milioi aparteko inbertsio programarako eta 528 milioi aurreikusitako Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planerako.
Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko erreskate ekonomiko eta sozialerako neurriak ere gogorarazi ditu, 200 milioiko pakete batekin.
Gorrotxategiren proposamenari erantzuna
Miren Gorrotxategik "gutxien dutenei" zergak jaisteko egindako proposamenaren harira galdetuta, lehendakariak esan du gaur aurkeztutako neurri-sortak "biztanleria osoari" erantzuten diola, "eta, bereziki, errenta txikienei".