Ekonomia -
Langabezia
Langabezia-tasa % 8,75ekoa da EAEn eta Nafarroan
Espainiako Estatuan % 12,48koa da, INEren biztanleria aktiboaren inkestaren arabera. EAEn, okupatuen eta langabeen kopuruak behera egin du; Nafarroan, berriz, okupatuen kopuruak gora egin du eta langabeen kopuruak, behera.
M. D. | EITB Media
Langabezia-tasa % 8,75ekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 8,76koa, Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainiar Estatuko baxuenak dira, beraz. Estatuan % 12,48ra jaitsi da.
EAEren kasuan, 1.100 langabe gutxiago daude aurreko hiruhilekoaren aldean, baina landunen kopurua ere jaitsi da, eta 18.400 gutxiago daude. Nafarroan, 3.700 landun gehiago eta 5.600 langabe gutxiago daude.
EAEn enplegua suntsitu ondoren (% 3,7ko jaitsiera), 934.900 pertsona daude lanean, eta, aurreko urteko aldi beraren aldean, okupatuak 20.700 gehiago dira, % 2,27.
Nafarroan, langabeziaren jaitsiera % 16,56koa izan da bigarren hiruhilekoan, eta, guztira, 28.100 langabe daude. Autonomia erkidegoen hirugarren txikiena da (Kantabria da bigarrena).
Estatu espainiarrean, 383.000 landun gehiago (20.468.000 guztira) eta 255.300 langabe gutxiago daude.
Industriako enpleguaren galeraz ohartarazi dute ELAk eta LABek
Bigarren hiruhilekoan industriako lanpostuak deuseztatu direla ohartarazi dute ELA eta LAB sindikatuek. Gainera, soldatei eta egonkortasunari dagokionez, kalitatezko enpleguak zirela erantsi dute.
"Agertokia ez da hain itxaropentsua", adierazi du ELAk ohar batean; izan ere, lanpostu ugari deuseztatu dira, batez ere industrian. Horrela, Euskadin eta Nafarroan 15.600 enplegu desagertu direla kritikatu du sindikatu abertzaleak.
"Kontratuen iraupenari erreparatzen badiogu, azken hiruhilekoan, nahiz eta lan erreforma indarrean ego, kontratu mugagabea duten pertsonak 7.300 gehiago dira soilik. Horrela, azken hiruhilekoan behin-behinekotasun tasa % 23,8tik % 22,2ra murriztu da", erantsi du ELAk.
Epe luzeko langabezia egiturazkoa bihurtu dela esan du LABek agiri batean. Industrian "okupazioak behera egin" duela gaineratu du, batez ere manufaktura-sektorean, % 19,5eko beherakada batekin.
"Industrian gero eta behargin gutxiago dauden bitartean, merkataritzak gora egin du", baina "prekarietate eta ezegonkortasun handiko sektore bat da, eta haren hazkundeak gainerako sektoreei eragin diezaieke, langileriaren lan eta bizi baldintzak kaskartuz", azpimarratu du.