Ekonomia -
EUROPAR BATASUNA
EBko kideek beren gas eskaria % 15 murriztea adostu dute negura begira
Espainiak planaren alde egin du, baina ez du onartu % 15eko murrizketa. Kontseiluak salbuespen batzuk zehaztu ditu nahitaezko murrizketa-helburutik kanpo geratzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuneko Energia ministroek negura begira gas kontsumoa murrizteko plan bat adostu dute astearte honetan.
Bileran, 27 estatuetako ministroek beren gas eskaria % 15 murriztea adostu dute azken urteko batez besteko kontsumoarekin konparatuta. Murrizketa hori 2022ko abuztuaren 1ean hasi, eta 2023ko martxoaren 31n amaituko da.
Akordioa ez da aho batez adostu behar izan, baizik eta gehiengo kualifikatu bat eskatu da. Hau da, biztanleriaren % 65 batzen duten 15 herrialderen sostengua behar izan da. Espainiak, bere aldetik, planaren alde egin du, baina ez du onartu % 15eko murrizketa. "Murrizketa-helburu bat izango dugula uste dut. Ez % 15ekoa, nabarmen txikiagoa baizik", adierazi du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak. Gaineratu duenez, plana elkartasun-pakete bat bada, hainbat neurri "konbinatu" behar dira "behar duenak energia eskuratu ahal izateko".
Hala ere, Kontseiluak salbuespen batzuk zehaztu ditu nahitaezko murrizketa-helburutik kanpo geratzeko. Beste herrialde batzuetako gas sareekin interkonektatuta ez dauden estatu kideek ez dute nahitaezko gas murrizketarik izango. Gainera, salbuetsita daude Europako sistema elektrikoarekin sinkronizatuta ez dauden eta neurri handi batean elektrizitatea ekoizteko gasaren mende dauden sare elektrikoak dituzten herrialdeak, hornidura elektrikoaren krisia izateko arriskua saihesteko aldera.
Halaber, estatuek salbuespen bat eskatu ahal izango dute eskaria murrizteko betebeharrak egokitzeko, beste herrialde batzuekin konexio mugatuak badituzte eta frogatu badezakete esportazio-gaitasunak edo gas naturalaren azpiegitura nazionala ahalik eta gehien erabiltzen direla beste herrialde batzuetara gasa birbideratzeko.
Azken salbuespen bat ere eskatu ahal izango da hurrengo egoeretan: gas biltegiak betetzeko helburuak gainditu dituzten herrialdeak, industria kritikoetarako lehengai gisa gasaren menpe dauden estatu kideak, edo azken bost urteetako batez bestekoarekin alderatuta azken urtean gas kontsumoa gutxienez % 8 igo duten herrialdeak.