Ekonomia -

Elkarrizketa

Niño Becerra: "Udan 100 gastatzeko asmoa zuenak, gasta ditzala 80, udazkena zaila izango baita"

Ekonomialaria kritiko agertu da krisiari aurre egiteko Europan eta Espainiako estatuan hartzen ari diren neurriekin, eta ziurtatu du, bihar Ukrainan akordioa sinatuko balitz ere, inflazioak eta energiaren arazoak jarraitu egingo luketela.

Santiago Niño Becerra, gaur, Radio Euskadin. EITB.
Santiago Niño Becerra, gaur, Radio Euskadin. EITB.
Santiago Niño Becerra, gaur, Radio Euskadin. EITB.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Niño Becerra ekonomialariak Radio Euskadiko Boulevard saioan gaur goizean egindako elkarrizketan onartu duenez, "zaila da sei hilabetetik haragoko aurreikuspenak egitea". Orain aurreikuspen guztiak egiteko oinarri hartzen da Ukrainako tentsioak oraindik hilabete batzuez iraungo duten ustea; halere, "bihar akordio bat sinatuko balitz, aurreikuspena aldatu egingo litzateke, bai, baina inflazioak handia izaten jarraituko luke, erregaien prezioak ere bai, hornidura faltak jarraituko luke, bai eta zenbait elikagairen prezioaren igoerak ere". 

Horrek guztiak, noski, eragin nabarmena izango luke herritarrengan: "Ekonomialarien artean beti esaten dugu inflazioa pobreen zerga dela. Horrelako igoerak daudenean, biztanleriaren erosteko ahalmena jaitsi egiten da", dio.

Ulertzen du herritarrek hartu duten carpe diem dinamikarako joera; "Bi urtez murrizketekin egon gara, eta, orain, jendeak mugitu nahi du, irten nahi du". Baina bere gomendioa argia da: "Biztanleriak ez du pentsatzen udazkenean zer datorren, udaz gozatu nahi du, beharbada 'azken uda' izango dela pentsatua. Hala ere, esango nieke 100 gastatzeko asmoa bazuten, 80 gastatzeko eta 20 gordetzeko udazkenerako, udazkena eta negua oso zailak izango baitira".

Egoerari aurre egiteko hainbat arlotan hartzen ari diren neurriak kritikatu ditu Niño Becerrak, gizartean gero eta desberdintasun gehiago eragiten duten neurriak direlako.

Alde batetik, Europako Banku Zentralak interes-tasak igo izanak "pertsona eta enpresa txiki eta ertainei arazoak ekarriko" dizkiela uste du. Helburua kontsumoa geldiaraztea bazen, bere ustez "askoz eraginkorragoa izango zen BEZa igotzea", ekonomia txikientzat ez delako horren kaltegarria.

Era berean, "akats ikaragarria" deritzo Espainiako Gobernuak elektrizitatearen BEZa jaisteari eta erregaiak diruz laguntzeari; izan ere, "kafea denentzako" horrek "mesede bera egiten dio paketeak banatzen ari den garraiolari txiki bati, zein eguna bere Ferrarian paseatzen ematen duenari". Bere ustez, neurriak kolektibo eta sektore kalteberak babestera bideratu behar ziren, modu orokorrean planteatu beharrean.

Halaber, eszeptiko agertzen da Errusiari jarritako zigorren inguruan: "Grazia egiten didate albiste horiek. Orain esaten dute erosten dugun gas gramo bakoitzarekin Errusiako armada finantzatzen ari garela. Eta nor ari ginen bada finantzatzen otsailaren 24a baino lehen? Orain arazo bat da, baina lehen mundu guztiari oso ondo iruditzen zitzaion Errusiari gasa erostea, merkea zelako". Bere iritziz, ondorioak kontuan hartu gabe hartu dira neurriak.

Gasaren kontsumoa murriztu beharko dela uste du, Europan, udazkenean eta neguan "egongo dena baino gas gehiago beharko delako". Baina kontsumoa murriztuko bada ere, "gasaren prezioak gora egingo du, AEBri erosiko diogun gas likidotuak Errusiako gasa baino askoz garestiagoa baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra