Ekonomia -
Krisi energetikoa
Berogailua jaistea edo arropa aire librean lehortzea, energia aurrezteko Bruselaren aholkuak
Aire girotua tenperatura altuagoan jartzea, beharrezkoak ez diren argiak itzaltzea eta posible denean etxebizitzen isolamendua hobetzea ere aipatu ditu Europako Batzordeak.
Agentziak | EiTB Media
Neguari begira energia aurrezten "laguntzeko", herritarrak animatzea eskatu die Europako Batzordeak estatu kideei, Errusiak gas hornidura guztiz eten dezakeelako. Berogailua jaitsi edo arropa aire librean lehortzeko kanpainak abiatzea aldarrikatu du Bruselak.
Abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra gas kontsumoa % 15 murrizteko proposamena aurkeztu du Europako Batzordeak. EBko Exekutiboak ez du etxebizitzentzako errazionamendurik proposatzen, "babesa duten bezeroak" direlako, EBko hornidura segurtasun araudiaren arabera.
Horregatik, etxebizitza pribatuak "eskasiak eragiten azkenak" izango liratekeela argi utzi du Bruselak. "Ustekabekorik ezean, Errusiak hornidura eteten baldin badu ere, ez lieke zuzenean eragingo", erantsi du.
Hala ere, "EB guztiko etxeak energia aurrezteko ariketa sozialean laguntzera animatu ditu".
Berogailua jaitsi edo aire girotua tenperatura altuagoan jartzea, arropa zintzilik lehortzea, beharrezkoak ez diren argiak itzaltzea eta, posible denean, etxebizitzen isolamendua hobetzea aipatu ditu Europako Batzordeak.
"Gau osoan hutsik dauden bulego eraikinetan edo dendetan argiak piztuta behar ditugu? Aire girotua 20 graduan izatea beharrezkoa al da? Altuagoa egoterik badu. Noski, horrek gure erosotasunari kalte egingo dio, baina gure kontsumoa asko murriztuko du", adierazi du Frans Timmermans EBko lehen presidenteordeak, proposamenaren aurkezpenean.
"Pauso indibidualek, modu bateratuan ematen direnean, aurrezpen esanguratsuak lortzen dituzte: berogailuan soilik termostatoaren tenperatura jaisteak urtean 10 bcm aurreztu ditzake", esan du Batzordeak ohar batean.
"Berotzeko eta hozteko orduan gastua murrizteko sentsibilizazio publikorako kanpainak abiatzea eskatu die Batzordeak estatu kide guztiei, baita EBren 'energia aurrezteko komunikazioa' ezartzea, epe laburrera aurrezpen aukera ugari dituelako", gaineratu du agiriak.