Ekonomia -

Krisi energetikoa

Bruselak gasa aurrezteko egitasmoa aurkeztuko du gaur, Moskuk hornidura mozteko aukeraren aurrean

Etxebizitzetan eta eraikin publikoetan neurriak hartzea, kontsumoa murrizten duten enpresak diruz laguntzea eta erregaia aldatzen duten industrientzako pizgarriak aurreikusten ditu proposamenak.

Gas biltegia, Mallnown (Alemania). Argazkia: EFE
Gas biltegia, Mallnown (Alemania). Argazkia: EFE
Gas biltegia, Mallnown (Alemania). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunean gas eskaera murrizteko egitasmoa aurkeztuko du Europako Batzordeak gaur, asteazkenerakin, neguan Errusiak hornidura eteteko mehatxuaren aurrean.

Zirriborroaren arabera, etxebizitzetan eta eraikin publikoetan neurriak hartzea, kontsumoa murrizten duten enpresak diruz laguntzea eta erregaia aldatzen duten industrientzako pizgarriak aurreikusten ditu proposamenak.

Bide horiek agortuta soilik, gas hornidura murrizteko edo mugatzeko aukera jarriko dute mahai gainean, azken baliabide gisa eta larrialdi kasuetan. Hala ere, etxebizitzen eta gainerako "kontsumitzaile babestuen" hornidurak bermaturik jarraituko luke, Europako arauen arabera.

Batzordearen hitzetan, 2016-2021 epeko batez bestekoarekin alderatuta, Errusiako gasaren fluxua % 30 murriztu da jadanik; hein handi batean, Gazprom konpainiaren "aldebakarreko" ekintza "justifika ezinen" ondorioz. Gainera, egoerak okerrera egin dezake.

Premisa: oraintxe gasa murrizten hastea

Udan bertan, oraintxe gas eskaera murrizten hastea da Bruselaren premisa. Erakundeak uste duenez, denbora tarte batean eta pixkanaka egitea, beranduago modu "drastikoan" eta "prestakuntza egokirik gabe" egitea baino merkeagoa izango da.

Hornidura bat-batean eteteak Europako ekonomian izan dezakeen eragina heren bat murriztuko luke neurriak orain hartzeak, Bruselak ziurtatu duenez.

Horretarako, eraikin publikoak, bulegoak edo merkataritza-guneak hozteko tenperatura minimoa eta berotzeko maximoa mugatzea proposatu du Batzordeak, baita etxebizitzen termostatoa gradu bat jaisteko kanpainak aurrera eramatea ere.

Industria

Industriako kontsumitzaileei dagokionez, posible denean, gasa beste erregai batekin ordezkatzea planteatuko du erakundeak. Aldaketa aurrera eramateko Europako araudiak dirulaguntza publikoak baimentzen dituela gogorarazi du, batez ere, garrantzi handiko sektoreetan.

Gainera, erregai alternatiboa gasa baino kutsakorragoa izan daiteke. Zentzu horretan, isurien inguruko arauek mugak aldi baterako indargabetzeko aukera ematen dute, hornidura mantentzeko beharrezkoa baldin bada.

Bestalde, gas kontsumoa murriztera ausartzen diren enpresak laguntzeko aukera aurreikusten du Batzordeak; adibidez, mugaz gaindiko enkanteen eta lizitazioen bidez.

Azkenik, "etete kontratuak" izenekoak beste aukera bat lirateke. Deskonexio epe batean, gas kontsumoa murrizteko finantziazioa eskainiko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Brusela Mosku Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala Errusia-Ukraina gerra Efizientzia energetikoa Energia iturriak