Ekonomia -
EUSTAT
Euskadiko ekonomia % 4,3 hazi da bigarren hiruhilekoan
Lehenengo hiruhilekoarekin alderatuta, BPGa % 0,9 igo da, eta, enplegua, % 0,8. Jarduerak oro har gora egin du EAEko ekonomiaren sektore nagusietan, baina aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino erritmo apalagoan.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,9 eta enplegua % 0,8 igo dira 2022ko bigarren hiruhilekoan aurrekoaren aldean, Eustat euskal estatistika erakundeak hiruhileroko kontuen aurrerapenean egindako zenbatespenen arabera. 2021eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, Euskadiko BPGa % 4,3 igo da, eta enplegua, % 3,7.
Aurrerapena egiteko unean eskuragarri dagoen koiunturazko informazio ekonomikoaren arabera, jarduerak oro har gora egin du EAEko ekonomiaren sektore nagusietan, baina aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino erritmo apalagoan.
Enplegua % 0,8 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta seigarren hiruhilekoa da enpleguak gora egiten duena. Bestalde, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, lanpostu-kopuruaren errekuperazioa % 3,7koa izan da.
Aurtengo apiriletik ekainera bitartean, ekonomiaren gorakada Eusko Jaurlaritzak azken aurreikuspenetan hiruhileko honetarako aurreikusitakoa baino hiru hamarren handiagoa izan da.
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak duela hilabete aurreratu zuen bigarren hiruhilekoko bilakaera ekonomikoari buruz zuen informazioak ez zuela pentsarazten hazkunde-erritmoa nabarmen eteten ari zenik, eta, beraz, aurreikuspen makroekonomikoekin bat datorren tasa espero zuela.
Datorren irailean Eustatek euskal ekonomiak aldi horretan izan duen bilakaerari buruzko informazio zehatza emateko zain, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du apiriletik ekainera etxeetako gastua urte artean % 4,4 eta administrazio publikoena % 3,5 haziko dela.