Ekonomia -

AKORDIOA MERCEDESEN

Amundarain: "Emaitza honekin, Gasteizko plantarako aurreikusitako inbertsioa gertuago dago"

Atzoko erreferendumeko emaitza eta izandako parte-hartzea, biak azpimarratu ditu Industria sailburuordeak. "Balorazioa oso positiboa da, dudarik gabe", esan du.

Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, artxiboko irudi batean.
Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, artxiboko irudi batean.
Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, artxiboko irudi batean.

play icon 7:19

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mercedes-Benz konpainiak Gasteizen duen lantegiko beharginen gehiengoak, zehazki % 57k (2.601 pertsona), babestu du lan hitzarmena berritzeko CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek zuzendaritzarekin erdietsitako aurreakordioa.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea pozik agertu da albistearekin. Horren hitzetan, "emaitza honekin, Gasteizko plantarako aurreikusitako inbertsioa gertuago dago". "Urrats oso garrantzitsua da, ez bakarrik Mercedes-Benzen Arabako plantarentzat, baita Gasteiz eta EAE osoarentzat ere", gaineratu du.

Sailburuordearen hitzetan, konpainia alemaniarrak iragarri zuen 1.200 euroko inbertsioa "estrategikoa da Gasteizko plantaren epe ertain eta luzeko posizionamenduari begira". Horregatik, "lehen posizio onean bazegoen inbertsioa jasotzeko, orain are hobeto kokatuta dago Arabako lantegia".

Halaber,  erreferendumean izandako parte-hartze altua —% 94— nabarmendu du Amundarainek, "langileek proiektuarekiko duten konpromisoaren adierazle argia" delakoan, eta egungo "ziurgabetasun egoeran" halako akordioak lortzearen garrantzian jarri du azpimarra. Horrek guztiak, gaineratu du, "proiektuak aurrera ateratzeko hain beharrezkoa den lan-harremanen egonkortasuna" bermatzen du.

Jaurlaritzak ziurtatu duenez, konpainiaren Alemaniako zuzendaritza nagusiarekin etengabeko komunikazioa du, eta bertara egindako azken bisitan argi ikusi omen zuten "Mercedes-Benzek bere estrategiaren ardatzean kokatzen duela Gasteizko planta epe luzera".

EAEko enpresa handiena da Gasteizko Mercedes, eta 5.000 bat langile ditu. Horrez gain, beste 30.000 zeharkako lanpostu sustengatzen ditu. Atzo babestutako dokumentuaren arabera, % 6ko soldata igoera izango dute aurten, eta % 2,25eko igoerak 2023tik 2026ra bitartean. Horrez gain, ez dute "seigarren gaurik" izango.

Bestalde, errelebo-kontratuen bidez 250 behargin baino gehiago erretiratzea aurreikusten du, hori bai, baldintzak betetzen dituzten langileentzat. Era berean, aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea planteatzen du, horietako 150, hitzarmena sinatzean.

Gainera, helburuen araberako ordainsariak adostu dituzte; urtean 200.000 ibilgailu baino gehiago ekoitziz gero, 500 euro; eta 2.250 euroko beste ordainsari bat, emaitzen eta adierazle batzuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Irratia euskaraz Mercedes Benz Enpresaburuak Automobilgintza