Ekonomia -
CONFEBASK
Isabel Bustok 2023ra arte jarraituko du Confebaskeko presidente karguan
Joan den maiatzean, Eduardo Zubiaurrek kargua aldi baterako utzi zuen arrazoi pertsonalengatik, eta Bustok hartu zuen ardura. Orain, patronalak jakinarazi du enpresari eibartarra ez dela itzuliko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Isabel Bustok 2023ra arte jarraituko du Confebaskeko presidente karguan. Maiatzean hartu zuen ardura hori, ordura arteko presidenteak, Eduardo Zubiaurrek, osasun-arrazoiak argudiatuta, kargua behin behinean utzi ondoren. Patronalak gaur jakinarazi duenez, enpresari eibartarrak ez du presidentetza berriro bere gain hartuko, eta beraz, mandatua amaitu arte Bustok gidatuko du Euskal Enpresaren Konfederakuntza.
Asteazkenean egingo du Confebaskek urteko Batzar Orokorra, eta bertan berretsiko dute Bustoren izendapena, estatutuak jarraituz. Ondoren, bera izango da hedabideen aurrean azalpenak emango dituena.
Joan den maiatzean Zubiaurrek kargua utzi zuenean, ordezkoa aukeratzeko prozedura zabaldu zen, eta behin behineko ordezkatze kasuetarako duten araudia ezarri zuten.
Hiru presidenteorde —lurralde bakoitzeko bat— ditu Confebasken zuzendaritza-egiturak, eta Bustok betetzen du horietako bat, Adegiren izenean. Eduardo Zubiaurre Adegik proposatuta iritsi zenez Confebaskeko buruzagitzara, horren ordezkoa aukeratu beharko balitz, Gipuzkoako patronaleko kidea izango dela jasotzen dute estatutuek. Horrela izendatu zuten Busto konfederazioko presidente.
Zubiaurre itzuliko ez dela baieztatuta, eta bazkideek hala erabakiko balute, presidentea hautatzeko prozesua berehala abiatzeko aukera egon badago. Halere, Confebaskek ziurtatu du, oraingoz, Bustok amaituko duela enpresari eibartarrak abiatutako agintaldia.