Ekonomia -

Gasteiz

Lan-hitzarmen berrirako aurreakordioa erreferendumean bozkatuko dute gaur Mercedes-Benzeko langileek

Zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, PIM eta Ekintza) lotutako akordioa da. ELA, LAB eta ESK sindikatuak kontra azaldu dira, "soldata igoerak ez doazelako KPIari lotuta eta langileek erosteko ahalmena galtzen dutelako".

Mercedes-Benzeko langileak, kalean, Gasteizen. Argazkia: EFE
Mercedes-Benzeko langileak, kalean, Gasteizen. Argazkia: EFE
Mercedes-Benzeko langileak, biharko bozketari begira

01:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mercedes-Benzeko zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, PIM eta Ekintza) joan den asteartean lotutako lan-hitzarmen berriarren gaineko aurreakordioa erreferendumean bozkatuko dute gaur, astelehenarekin, Gasteizko lantegiko berhaginek. ELA, LAB eta ESK sindikatuak aurreakordioaren aurka azaldu dira.

Sindikatuek deitutako grebaren eta mobilizazioen ondorioz elkarrizketa-bidea etenda geratu ostean, joan den asteartean negoziatzeari ekin zioten berriro enpresa-zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak eta, bederatzi ordu inguruko bileraren ondoren, aurreakordioa hitzartu zuten.

Itunaren sinatzaileen hitzetan, "datozen hamarkadetarako lana bermatzen duen akordioa da, oso inbertsio garrantzitsuekin eta 400 kontratu mugagabe baino gehiagorekin". ELA, LAB eta ESK sindikatuek, berriz, ez zuten aurreakordioa babestu.

Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak dioenez, 2021-2026 lan-hitzarmenerako "langile guztientzako oso akordio ona da". Aurreakordioak soldata-igoera aurreikusten du (% 6koa 2022rako, eta % 2,25ekoa 2023 eta 2026 artean) eta "seigarren gaua" kentzea, besteak beste.

Aurreakordioa ez babesteko eskatu die LAB sindikatuak langileei

Emilio Titos Mercedes-Benzeko zuzendari nagusiak ohartarazi zuen joan den asteazkenean langileek aurreakordioa errefusatuko balute, horrek "lantegiaren hazkundearen amaiera" ekarriko lukeela, "amildegirako apustua" izango litzatekeela, baina langileek akordioa babestuko duten itxaropena agertu zuen, "orainaldi indartsu batetik, etorkizuna kolokan dugulako". Gaineratu zuenez, enpresa alemaniarrak ez luke ezetza ulertuko, "beste kultura bat baita".

Bestalde, ELA, LAB eta ESK sindikatuek akordioaren kontra egin dute, besteak beste, "soldata igoerak ez doazelako KPIari lotuta eta langileek erosteko ahalmena galtzen dutelako". Hori dela eta, akordioa ez babesteko eskatu diete langileei.

Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendari nagusia: "Orainaldi indartsu batetik, etorkizuna kolokan dugu"

Bozketa

Aurrez aurreko bozketa lantegian egingo dute 10:15etik 13:00etara goizeko txandan; 18:15etik 21:00etara arratsaldekoan eta 00:30etik 02:15era gaueko txandan. Bulego eraikinean, aldiz, 09:00etatik 14:00etara boza emateko ordutegia izango dute. Zentro bakoitzak bozketa mahaia izango du, eta plantillako langile guztiek izango dute botoa emateko aukera.

Aurrez aurreko boza eman ahal izateko NAN, pasaportea, gidabaimena, NIE edo langile-txartela aurkeztea beharrezkoa izango da. Langileek boto-txartelak eta gutun-azalak izango dituzte eskuragarri aginte katearen bidez, lantegiko sarreretan eta bozketan mahaietan.

Gainera, beharginek boza elektronikoa emateko aukera izango dute, baina eskakizuna egiteko epea ostiral honetan 14:00etan agortu da. Epe horretatik kanpo egindako eskaerak ez dira onartuko. Sindikatuetako iturrien arabera, 559 langilek eman dute izena telematikoki bozkatzeko, ia % 10.

Appsamblea plataforman bozketa elektronikoa aurrera eramateko ordutegia 00:00etatik 24:00etara izango da, astelehenean. Bi erantzun mota soilik aurkituko dituzte beharginek: AKORDIOA BAI edo AKORDIOA EZ. Emaitzaren berri astearteko 02:30-03:00ak aldera ematea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuen azken ordukoa Enpresaburuak Lan gatazkak Automobilgintza