Ekonomia -

EITB DATA

Euskadiko turismo sektoreak indarra hartu du: eskaintza eta eskari handiagoa, prezioek gora egin arren

KPIk gora egiten zuen bitartean, gerraren eraginez, Euskadin gora egiten jarraitzen zuen ohe, loaldi eta bisitari kopuruak, urtarrila eta maiatza artean. EAEn, turismoak BPGari egiten dion ekarpena % 6,4koa da, goraka etengabean mantendu den datua da.

Turismoaren sektorearen susperraldia. Irudia: EITB MEDIA
Turismoaren sektorearen susperraldia
Turismoaren sektorearen susperraldia. Irudia: EITB MEDIA

Iker gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turismoaren sektoreak gora egiten jarraitzen du Euskadin eta Nafarroan, pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, eta geroz eta ekarpen handiagoa egiten dio Barne Produktu Gordinari (BPG), nahiz eta EAEn eta Nafarroaren artean ezberdintasun txikiak dauden. Eskainitako plaza kopurua handitzen doa, bai hoteletan, baita apartamentuetan eta etxebizitzetan ere; eskari handiagoa dago, eta, aldi berean, garestitu egin da. Hala ondoriozta daiteke EITB DATAk turismoaren sektorearen inguruan egin duen, eta gaur EITBk bere hedabide guztietan argitaratu duen, azken ikerketa aztertuta.

Gauzak horrela, Euskadiren kasuan, 2010ean turismoaren pisua BPGean % 5,4koa zen, % 6,4koa 2015ean eta, 2019an, % 6,4koa. Hortaz, turismoak egindako ekarpenak azken urteetan hasitako goranzko joerari eutsi dio modu egonkorrean.

Nafarroan, aldiz, beti ere BPGaren ekarpenari begiratuta, geldialdi txikia izan da azken urtean, 2010ko % 5,3tik 2015ko % 5,4ra igaro bazen ere, bere horretan mantendu da azken datuen arabera. Estatuan, alderantziz, ekonomian pisu handiagoa izateaz gain, igoera mantendu egin da azken urteetan: 2010ean % 10,2ko ekarpena egiten zion BPGari, % 11,1 2015ean, eta % 12,4, 2019an.

Irudia: EITB MEDIA

Turismoak BPGari egiten dion ekarpena, nazioarteari begira. Irudia: EITB MEDIA

Euskadin, zati handiena turismo hartzaileari dagokio (lekualdatzen diren ez-egoiliarrekin lotuta); alabaina, Espainian, barne-gastua da nabarmenena (egoiliarrek lurralde barruko edo kanpoko bidaietan egindakoa).

BPGaren pisuaren eskuari lotuta doan beste datu bat hotelek eskaintzen duten plaza kopurua da. Hala, EIN eta Eurostaten arabera, urtarrila eta maiatza artean eskura zeuden plaza kopurua (denbora tarte hori hartu da aurtengo datuekin alderatu ahal izateko) hazi egin zen 2019ra arte Euskadin eta Espainian, ez ordea Nafarroan, han mantendu egin baitziren. 2022an, alabaina, Euskadin baino ez zuten gora egin, 30.960 plazara helduta (2010an 23.840 ziren).

EITB MEDIA

1.000 biztanleko plaza kopuruaren adierazlea aintzat hartuta, Euskadi autonomia erkidegoen zerrendaren azken aurreko postuan agertzen da, 13 oherekin, Murtzia baino ez atzean utzita (2019ko datuak). Beste muturrean, Balearrak, 175 oherekin, eta Kanariak, 116rekin, eskaintza zabalena dutenak dira. Nafarroa 12. postuan kokatzen da, 18 plazarekin 1.000 biztanleko.

Esparru europarrari begiratuta, Espainia laugarren postuan ageri da, batez beste 42 plazarekin 1.000 biztanleko, Txipreren atzetik (102), Grezia (78) eta Kroazia (42), baina Italia (38) edo Portugal (35) bezalako erreferentzia turistikoen aurretik.

Turismo eta ostalaritzan ere, prezioak gora

Ostalaritza eta turismoaren sektoreari lotutako KPIaren eboluzioak gora egin egin du urtetik urtera, aurtengo maiatzeko datuei erreparatuta, autonomia erkidego guztietan, azken hilabeteetako KPIaren eboluzioaren ildo beretik (2022ko urtarrila eta maiatza artean, % 6,5eko igoera KPI orokorrean).

Aurretik aipatu bezala, fokua turismoan eta ostalaritzan jarrita, 2021ko maiatzetik aurtengo maiatzera % 6,3 igo dira prezioak Euskadin, eta % 4,9 Nafarroan.

Irudia: EITB MEDIA

Etxebizitza turistikoen fenomenoa

Gorago adierazitako datuok hoteletako plazak kontuan hartuta jaso dira. Ez dago etxebizitza turistikoen datua hoteletako maila berean jasota, oraindik ez dagoelako estatistika ofizialik azken kasu horretan. Plataforma digitalek eraldatu egin dute "etxebizitza turistikoetatik" egindako eskaintzarako sarbidea.

Eskuartean dauden datuen arabera, (2020tik soilik eta fase esperimentaleko estatistika baten bidez),  eskaintza garrantzitsua da, hotel-plazen kopurura hurbiltzen baita eta, oro har, leku/helmuga turistiko berberetan kokatzen dira.

EITB MEDIA

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Turismoa Euskadi KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EITB Data BPGd Nafarroa Turismo-apartamentuen albisteak