Ekonomia -
Krisi energetikoa
Energia horniduran etenak gertatu daitezkeela eta prezioek gora egin dezaketela ohartarazi du Urkulluk
Lehendakariak aitortu du "garai zailak" datozela, Repsoleko presidentearekin egindako bilera batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "garai zailak" datozela, eta, horrenbestez, "esfortzu handiagoa" beharko dela "energia aurrezteko" eta "berriztagarriak ez diren energia iturrien dibertsifikazioan". Horren ildotik, ohartarazi du Ukrainako gerraren ostean etorkizunean "energia horniduran etenak" gertatu daitezkeela eta "prezioek gora" egin dezaketela.
Lehendakaria Antonio Brufau Repsoleko presidentearekin bildu da arratsaldean Repsol Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean kolaborazio akordioa sinatzeko. Ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ere hartu du parte.
Urkulluren esanetan, Jaurlaritzaren eta Repsolen arteko lankidetza "aspalditik errotuta" dago, eta gogorarazi du bi aldeek zenbait proiektutan hartu dutela parte berriki, hala nola BH2C hidrogeno korridorean eta Bilboko Portuko deskarbonizazio Hubean.
"Bidea diseinatuta dago. Lankidetza konpromisoak eta asmoak irmoak dira", nabarmendu du lehendakariak.
Agintariak azaldu duenez, Ukrainako gerraren "eragin ekonomikoak" nabariak dira, eta "Europa osoa, bereziki Alemania, eta motor diren beste zenbait herrialde" adi jarraitzen ari dira Errusiako gasarekin eta erregaiarekin zer gertatuko den.
"Etorkizunean baliteke etenak gertatzea energiaren horniduran, eta prezioek gora egitea; hori da errealitate gordina", aitortu du.